Lekeitio, Aulesti, Amoroto, Ea, Gizaburuaga eta Mendexako alkateekin bilera

0

Osasun Sailak Lekeitio, Aulesti, Amoroto, Ea, Gizaburuaga eta Mendexako alkateekin izan duen bileran, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik adierazi die erakunde publiko guztien eginkizuna dela herritarren ongizatearen alde elkarrekin lan egitea, eta informazio egiazkoa eta zehatza ematea. Halaber, adierazi die Osasun Saila osasun-zerbitzuen egoera ezagutu nahi duten guztiei irekita egon dela, eta, beraz, komenigarria izango litzatekeela mozioak, sinadura-bilketak eta antzeko ekimenak egin aurretik alderatze hori egitea.

Berriro gogorarazi die osasun-zentroetako txanda guztiak betetzeko Familia Medikuntzako eta Komunitate Medikuntzako espezialistak edukitzeko zailtasuna ez dagoela Sailaren borondatearen esku.

Osakidetzak eskualdean plaza kopurua EZ du murriztu, EZ du murriztuko, eta EZ ditu nahitaez lekualdatu profesionalak beste destino batzuetara. Gotzone Sagarduik azaldu duenez, Osakidetzak beti du zabalik Familia Medikuntzako eta Pediatriako espezialistak kontratatzeko eskaintza, gizarte-eragileekin lortutako akordioari dagokion bezala —akordio horrek profesionalen eskubidea ezartzen du—.Plazak ez badira betetzen edo langileek, beren eskubidea baliatuz, beste destino batzuk aukeratzen badituzte, ez da Osasun Sailaren plangintza txarragatik, baizik eta haiek duten lehentasunagatik.

Euskadiko osasun-prestazioak, beste autonomia-erkidego eta Europako beste herrialde batzuetan bezala, arazo estruktural bati egin behar dio aurre, eta arazo horrek epe laburrean soluzio zaila du; medikuntzako profesionalik eza hainbat espezialitatetan, besteak beste, Familia eta Komunitateko Medikuntzan —bertatik hornitzen da Lehen Mailako Arreta—, Larrialdien eta Emergentzien Arreta, eta Etengabeko Arretako Guneen arreta.

Egoera horren arrazoia da Estatuko Gobernuak, arlo horretan eskumena duenak, ez zuela aurreikusi zenbat profesional beharko liratekeen gaur egun erretiratzen ari diren medikuen plazak betetzeko, ez zirela garaiz handitu unibertsitate-prestakuntzako plazak, ezta BAME espezializaziokoak ere.  Egoera hori zuzentzen ari da, baina ez du ondoriorik izango urte batzuk igaro arte. Era berean, gogoratu behar da Euskadik, beste erkidego batzuek ez bezala, legegintzaldi osoan egiaztatutako irakasle-plaza guztiak eskaini dituela, profesional berriak prestatzeko beharraz jabetuta. Urtez urte prestakuntza espezializatuko irakaskuntza-eskaintza handituz joan da Euskadin, eta, aldi berean, askotan planteatu zaio Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioari bere erantzukizuna bere gain har dezan eta behin baino gehiagotan planteatu zaizkion neurriak abian jar ditzan.

Hori dela eta, ezin izan dira ordezkapenak bete, edo ezin izan dira mediku gehiago jarri jende gehiago biltzen den egunetan leku geografiko batzuetan: EZ dago profesionalik eskuragarri, profesionalek sareko beste destino batzuk aukera ditzakete eta aukeratzen dituzte, baina Osakidetzak beti kontratatzen ditu lanpostu horiek bete nahi dituztenak.

Nolanahi ere, Osakidetzak baliabide-sare zabala du herritarrek osasun-arreta behar dutenean kalitatezko arreta emateko: arreta anbulatorioa, etengabeko arretako guneak, etxez etxeko arreta, emergentzietako zerbitzuak eta ospitaleko larrialdiak.  

Lekeitioko Lehen Mailako Arretako Unitateari dagokionez, Gotzone Sagarduik berriro gogorarazi du udalerri horrek pediatriako etengabeko arretarako plaza duela goizeko ordutegian.

Plaza hori bete duen pertsonak beste erakunde bateko plaza batera lekualdatzea eskatu zuenean (Osakidetzan askotan gertatzen den bezala), Lekeitioko plaza berriz ere profesional propioekin edo kontratazio berriarekin bete ahal izateko prozesu guztiak hasi ziren. Plaza EZ da amortizatu, EZTA amortizatzen ere. Plaza hori profesional berri batek betetzen duen arte, Familia Medikuntzak eta Erizaintza Pediatrikoak bermatzen dute arreta; horretarako, zerbitzu hori emateko beste profesional bat gehiago jarri dute.