Euskalmeten arabera udaberria epela izan da eta prezipitazio normalak izan dira

0
PRUEBA
  • “Normaltzat” jo arren, prezipitazioen guztizko kopuruak batez bestekoaren azpitik geratu dira
  • Apirilean tenperatura altuen errekorrak hautsi ziren, eta lehenengo aldiz izan ziren gau tropikalak

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera udaberri meteorologikoa (martxoa, apirila eta maiatza) epela izan da eta prezipitazio normalak izan dira Euskadi osoan, nahiz eta guztiko metatuak batez bestekoaren azpitik geratu diren. Era berean, apirilean tenperatura altuen errekorrak hautsi ziren, bai maximoenak bai minimoenak, eta bi gau tropikal erregistratu ziren itsasertzean.

Udaberri meteorologikoa epela izan da Euskadi osoan. Itsasertzeko batez besteko tenperatura 13-14 ºC-koa izan da eta Arabako Lautadan, aldiz, 10-11 ºC ingurukoa, 1991-2020 aldiko batez besteko normala baino 0,5 ºC gehiago. Martxoa eta apirileko lehenengo hamabostaldia oso beroak izan ziren, eta apirileko bigarren hamabostaldia eta, bereziki, maiatza, batez beste izan diren tenperaturak kontuan hartuta, hotzak. Berez, maiatza izan da hotza izan den urteko lehenengo hilabetea.

Tenperatura-baliorik altuenak apirileko lehenengo hamabostaldian erregistratu ziren, eta anomalia oso deigarriak izan ziren hilaren 6aren eta 13aren inguruan. Horrela, apirileko tenperatura altuen aurreko errekorrak hautsi ziren bai tenperatura maximoetan (Gardea 33,3 °C; Zaldiaran 27,3 °C) bai minimoetan (Oiartzun 22 °C; Mungia 21,9 °C). Kostaldeko gau tropikalak (20 ºC-tik gorako tenperatura minimoak) bereziki izan ziren aipagarriak, apiril batean erregistratu diren lehenengo aldia izan baita.

Aurtengo udaberrian intsolazioa normala izan da isurialde kantauriarrean, eta isurialde mediterraneoan, berriz, normala dena baino % 10 gehiago izan dira eguzki-orduak. Horrela, hiriburuei dagokienez, Bilbon 439 eguzki-ordu erregistratu ziren hiru hilabeteetan, Donostian 482 eta Gasteizen 507.

Prezipitazioari dagokionez, udaberrian zehar guztira erregistratutako kopuruak batez bestekoaren azpitik dauden arren, normaltzat jotzen da. Hala ere, nabarmendu behar da Euskadiko hainbat lekutan, hala nola Enkarterriko, Bilbo Handiko eta Arabako Errioxako estazio batzuetan, erregistratu diren prezipitazio-kopuruak txikiagoak izan direla, eta leku horietan udaberria lehorra izan da, beraz.

Maiatzaren 19an izandako prezipitazio ugariak dira uholde-arazoak eragin zituzten bakarrak, zehazki Lazkaon (Goierrin), ur- eta txingor zaparrada ikaragarri batek hainbat kale urez bete baitzituen, eta herriko garaje, etxabe eta lokalei eragin zien. Egun horretan, zaparrada handiak bota zituen (Ordizia 27,7 l/m² ordubetean; Agurain 26,8 l/m² ordubetean) eta kopuru esanguratsuak metatu ziren egunaren amaierarako (Lasarte 51,9 l/m²).

Meteorologia kaltegarriari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak guztira 48 abisu hori aktibatu zituen udaberrian, horietako 32 martxoan, eta arrazoi nagusiak itsasoaren egoera txarra eta haize zakarra izan ziren.