Kanadako Gobernuko eta Enbaxadako ordezkarien bisita

0

Egun hauetan Gipuzkoan dabil Kanadako ordezkaritza bat; bidaia hori egin dute Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Kanadako Enbaxadak lehen euskal bidaiariek Kanadarekin izan zituzten harreman historikoetan eta bi lurraldeek elkarrengan izan zuten eraginean sakontzeko antolatutako uda ikastaroa dela-eta. Testuinguru horretan, jorratuko dira San Juan itsasontziaren eraikuntzaren azken fasea eta ontziak XVI. mendeko euskal balea-arrantzaleek egiten zuten bideari jarraituz Kanadara egingo duen bidaiari buruzko alderdiak.

Kanadako ordezkaritzaren buru izan da Yvonne Jones, Ipar Gaietarako Ministroaren eta Kanadako Gobernuaren Defentsarako ministroaren idazkari parlamentarioa. Berekin batera izan ditu Lisa Dempster, Ternua eta Labradoreko Gaietarako aholkularia eta Gai Indigenen eta Adiskidetzearen aholkularia; Wendy Drukier Kanadako enbaxadorea Espainian; gobernuko langileak eta parlamentuko eta Kanadako kultura erakundeetako ordezkariak eta UPV/EHUko errektorea Eva Ferreira, Albaolako presidentea Xabier Agote eta gobernu zentraleko ordezkari bat.

Bisitaren harira, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak harrera egin die. Bisitaren abiapuntu moduan, foru jauregian barrena ibili dira eta Kanadako ordezkariek Gipuzkoaren historia eta itsasoarekin duen lotura ezagutu ahal izan dute Elkano, Garibay, Idiaquez eta Urdaneta bezalako pertsonaia eta itsasgizon handiei eskainitako eskultura, tapiz eta koadroen bidez.

Jarraian, San Joan Baleontziaren batzordearen lehen bilera egin da, bertan arduradunek azaldu dute nola eraikitzen ari den San Joan baleontziaren erreplika Euskal Herritik Ternuarantz abiatzen ziren Atlantikoaren bestalderako lehen kargaontzien teknikak baliatuta. Bilera horretan, gainera, hurrengo urratsak eta laguntzak lortzeko estrategia zehaztu dira, 500 urte geroago mugarri historiko hori gauzatu ahal izateko eta bi zibilizazioak lotzen dituen harreman sekularra berritzeko.

Aipatutako ordezkari instituzionalez gain, ekitaldi horretan parte hartu dute Todd Russell Kanadako NunatuKavuteko Kontseilu Komunitarioko presidentea; Cindy Gibbons Parks Canadako Kultura Baliabideen Kudeaketako aholkularia; Jon Geiger Kanadako Errege Sozietate Geografikoko CEO; Teo Alberro Pasaiako alkatea eta Goizane Álvarez Kultura eta Kiroletako diputatua.

Foru Jauregiko bisita izan da ekainak 20ean Albaola Itsas Kultur Faktorian (Pasaia) ‘Euskal Herria eta Kanada. Itsasotik izarretar’ izenburupean hasiko den UPV/EHUren uda ikastaroaren atarikoa. Bi jardunaldietan jorratuko dira XVI eta XVII. mendeko Ozeano Atlantikoaz bestaldeko garraioa, Erdi Arotik Aro Modernora arteko basoen kudeaketa jasangarria, euskarak Ternuan izan duen eragina edo Atlantikoaren bi aldeen arteko komunikazioa bezalako gaiak, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Montrealeko Unibertsitatearen (Kanada) artean egiten ari diren ikerketaren emaitza gisa.