Lanbidek hauteman du, Unibertsitateko ikasleen artean, % 88ra igo dela 3 urtean beren ikasketekin bat datorren enplegua lortu dutenak, egonkortasuna 16 puntu igo dela eta soldatak igo egin direla

0
  • Unibertsitateko ikasketak 2020an amaitu zituzten ikasleei eginiko inkestak (unibertsitate-laneratzeari buruzkoa) aztertutako adierazle guztien hobekuntza- eta berreskuratze-datuak erakusten ditu
  • Ikasketak amaitu dituzten ikasleen % 85 lanean ari da, unibertsitate-ikasketak amaitu eta hiru urtera. Eta % 7k, berriz, ikasten jarraitzen du
  • Hobetu egin dira bai lanaren kalitatea bai eta egonkortasuna ere. Gaur egun, % 61koa da (aurreko datua baino % 16 gehiago)
  • Genero-arrakala: gizonek emaitza hobeak lortzen dituzte enpleguaren tasa nagusietan eta egonkortasunean; baina ikasketekin lotutako enpleguan berdintzen da

Unibertsitateko ikasleen artean egiten den Laneratzeari buruzko azken inkestak (Lanbide Enplegu Zerbitzu Publikoak urtero egiten duena) zera azaleratu du. Ikasleen % 88k badu ikasketekin lotutako enplegua (lanbide-gaitasuneko mailari dagokion enplegua), noiz eta titulazioa lortu eta hiru urtera (hots, aurreko promozioan baino % 2 gehiago). Aparte, denbora tarte berean, % 76k  aurkitu egin du graduko ikasketekin erabat bat datorren enplegu bat. Gainera, egonkortasunari dagokionez, serie historikoko daturik onena lortu da:  % 61 (aurreko urtean baino 16 puntu gehiago; hots,  2020. urtean  amaitu zuen belaunaldia, COVIDek erabat baldintzatua).

Hauexek dira Lanbideren Urteko Txostenaren hainbat ondorio. Txostena informazio-sistema osokoa da, asmo handikoa. Sistema  2000. urtean jarri zuen abian. Bakarra da Estatuan, eta nabarmena, Europan. Txostena elkarlanean egiten da, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Mondragon Unibertsitatea  eta Deustuko Unibertsitatea ditu bidelagun. Datuak inkesten bidez eskuratzen dira. Eta hauek dira parte-hartzaileak: hiru urte lehenago, gradu-ikasketak amaitu zituzten pertsonak. Izan ere, hiru urteko aldia  nahikotzat jotzen da  karrera profesional bat bideratzeko sektore edo lanbide jakin batera. Dokumentuak aukera ematen die unibertsitateei parte hartzen duten eta eragina duten gizarte-errealitateari buruzko informazio egokia izateko (antolamendu akademikorako, curriculum-edukiak berritzeko edo titulazio-mapak aldatzeko). Aldi berean Lanbidek ere (Kabinete Teknikoaren bitartez)  bere eginkizunetako bat betetzen du; alegia, lan-merkatuari buruzko informazioa ematea (estatistika-eragiketen eta administrazio-erregistroen bidez; horiek guztiak lan esparruari  lotuak).

Azken inkesta ikasketak 2020. urtean  amaitu zituztenei buruzkoa da. Bertan urte horretan  ikasketak amaitu zituztenen % 79k parte hartu zuten. Orotara, 6.804 gazte izan dira (hiru euskal unibertsitateetan ikasiak). Horietatik % 59 emakumeak dira; eta % 41, gizonak. Jakintza-arloaren eta sexuaren arabera bereizten badugu, ehuneko hori  mantendu egiten da jakintza-arlo guztietan (salbu eta  titulazio teknikoetan). Izan ere, titulazio horietan, ikasketak amaitu dituzten gizonak % 71 dira, eta emakumeak, berriz, % 29. Hala ere, Osasunari buruzko jakintza arloan,  nabarmen handia da emakumeen eta gizonen arteko aldea (% 79 eta % 21, hurrenez hurren).

7.858 langabetu

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 2023. urtearen amaieran egin zuen kontsulta. Une hartan 2020ko promozioaren % 85 lanean ari zen. Beste % 7k (666 pertsona) lan-merkatuan jarraitzen zuen, irtenbide profesional  bila. Eta beste % 7k (670 pertsona) ikasten jarraitzen zuen (graduondoko bat, beste karrera bat edo oposizio bat).

Enplegu-tasa ezagutza-arloen arabera alderatzen badugu, datu hauek ikusiko ditugu.  Emaitza onenak Ikasketa teknikoetan eman dira (% 93ko enplegu-tasa, eta  % 2ko hazkundea). Ikasketa  Esperimentalek Osasuna aurreratu dute (% 89 eta % 88, hurrenez hurren). Gainera, igoera nabarmena suertatu da (aurten 8 puntu gehiago; eta azken bi urteetan,  14).  Ekonomia eta Lege arloek  % 87ko tasa dute; eta Gizarte Arloak  % 80koa. Bi arlo horietan hobetu egin da enplegu-tasa (4 eta 2 puntu, hurrenez hurren). Azkenik, Giza Zientziek iaz 5 puntuko igoera izan zuten; orain, berriz, puntu bat galdu dute, enplegu-tasa   % 79koa delarik.

Langabezia-tasa % 8koa da, duela urtebete eta bi urte baino 2 eta 5 puntu gehiago, hurrenez hurren. Datu hori hamarkadako onena da, 2018an bakarrik lortu baita, 2015ean amaitu zen sustapenari dagokionez. Emakumeen kasuan, tasa 2 eta 4 puntu hobetu da, eta % 9koa da.

Unibertsitarien enpleguari dagokionez, ikasketei lotutako enpleguak igoera nabaria izan du (% 88, aurreko urtekoa baino 2 puntu gehiago).  Nabarmentzekoa da % 88ko zifra hori emakumeen kasuan ere lortu dela. Datu hori oso garrantzitsua da; zeren eta, azken 10 urteetatik 9tan, zifrak bataz bestekoaren azpian egon dira (3, 2 eta 5 puntu gutxiago).

Irakurketa kualitatiboak, berriz, zera plazaratzen du. Zenbat eta prestakuntza handiagoa izan, orduan eta aukera gehiago daude lana aurkitzeko, eta, batez ere, okupazioen maila altuenetan sartzeko.

Era berean, azpimarratu behar da, Enplegu Egonkortasunari dagokionez, txostenak   serie historikoan erregistratutako daturik onena jaso duela. Alegia, enpleguaren % 61 egonkorra da; igoera, beraz, nabaria izan da (aurreko urtekoa baino 16 puntu gehiago). Halaber, emakumeen enplegu egonkorraren ehunekoa ere igo da (% 55, duela 2 urte baino 15 puntu gehiago). Egonkortasunaren igoera hori lan-erreforma indarrean sartu zen  aldian gertatu da.

Promozio honetarako enplegu bat lortzeko batez besteko denborari dagokionez, 13 hilabetetan kokatu da, aurreko bederatzi hilabeteen aldean, oro har, lanpostu egokituetan. Hala ere, kontuan izan behar da 2020an amaitu zen sustapena dela, Covid-aren krisiak, jardueraren itxierak eta pandemiaren murrizketek eta mugek markatutako urtea.

Lanaldi murriztuak

2020ko unibertsitate-promozioa nahiko erraz sartu zen lan-merkatuan; batez beste, 13 hilabeteren buruan; eta, gehienbat, prestakuntzari lotutako lanpostuetan. 2023aren amaieran lanean jarraitzen zutenen  % 21ek lanaldi murriztua zuten, eta % 25koa zen emakumeen kasuan.

Batez besteko soldatak

Inkestak datu hau ere aztertzen du. Zenbateko soldata duten  titulazioa lortu eta hiru urtera. Hain zuzen ere, zenbatekoak  diren lanaldi osoko soldata garbiak, sexuaren arabera.

Batez besteko soldata 1.751 € da, 1.693 € emakumeentzat eta 1.820 € gizonentzat. Eta 74 € igo da emakumeen soldata eta 79 € gizonena. Aurten, berriro ere, agerian geratu da soldata-arraila (120 €). Hala ere, sexuaren araberako igoera-aldeak ia ez dira nabarmenak.

Arlo guztietan (Humanitateetan salbu), neurri handiagoan edo txikiagoan, igo egin da lanaldi osoko batez besteko soldata hori. Berriro ere, Osasuneko  (1.955 €) eta Arlo Teknikoetako (1.902 €) soldatak  batez besteko soldataren gainean jarri dira  eta emaitzarik onenak lortu dituzte. Beste arlo hauetako soldatak, berri, bataz bestekoaren azpikoak dira:  daude Ekonomiko-Juridikoak (1.686 €), Humanitateak (1.624 €) eta Sozialak (1.616 €). Beraz, ez dago aldaketa nabarmenik aurreko urteetako soldaten aldean. Hala ere, bai nabaria dela  Esperimentalen soldataren goranzko bilakaera (90 euroko igoera); nahiz eta kopuru txikiena izaten jarraitzen duen (1.587 €).

Bukatzeko, Lanbideren web orrian (Lan egoera 2023ko abenduan. 2020eko Unibertsitate Promozioa – Lanbide (euskadi.eus)) datu hauek kontsulta daitezke: hiru unibertsitateen txosten komuna; gainerako txostenak (unibertsitate bakoitzeko bat, jakitza arloaren eta fakultate bakoitzaren arabera); gehi UPV/EHUk, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak eskaintzen duten titulazio bakoitzaren txostenak.