Maddi Torre, dena jokatu duen futbolari bakarra

0

Athleticeko erdiko atzelariak 3.090 minutu jokatu ditu denboraldi honetan, Liga F-ko 30 jardunalditan eta Kopako bost partidatan banatuta

Denboraldia amaituta, Liga F-ko bosgarren postua lortu eta lehoien denboraldi zoragarriaren balantzea egin ondoren, David Aznarren hamaikakoen protagonismoari dagokionez, jokalarietako bat nabarmentzen da: Maddi Torre. Maddi da txapelketa osoan minutu guztiak jokatu dituen jokalari bakarra. Paola Ulloa Madrid CFF taldeko atezainak bakarrik jokatu ditu ligako minutu kopuru bera (2700).

Maddik, gainera, joan den udan Athletic Clubera itzuli ostean, 2016an irten ondoren, denboraldi honetan David Aznarrek zuzendutako taldeak jokatu dituen bost norgehiagoketako minutu guztiak batu ditu, Granada CF, Madrid CFF, UD Tenerife eta FC Barcelonaren aurkako kanporaketei dagozkienak, finalerdietan partida bikoitza jokatuta.

Atzelari zuri-gorriak 3.090 minutu jokatu ditu guztira 2023/24 denboraldian. Defentsa oso erregularra eta sendoa izan da, Naia Landaluze edo Bibiane Schulze beti alboan izanda. Azken jardunaldian, San Mamesen, Sevilla FC taldearen aurka, Garazi Murua getxotarrarekin batera lehen aldiz jokatu zuen atzealdean. Bere minutuen datuei, buruz korner batean sartutako gol bat gehitzen da, Levante UD taldearen aurka Buñolen, eta bi asistentzia ere.

Athleticeko 2. zenbakiduna 28 urterekin itzuli da Lezamara eta bere kirol ibilbideko sasoirik onenean dagoela erakutsi du, 2016an talde zuri-gorriarekin ligako azken titulua lortu eta Lehen Mailan 19 urterekin debuta egin zuenetik. Santa Teresa Badajoz, Real Betis eta Realean bost denboraldiz lehiatu ondoren, Maddik denboraldi bikaina egin du Athletic Clubera itzuli den urtean.