Polymatek mende laurdena bete du material polimerikoen arloan erreferente izanik

0

Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Material Polimerikoen Unibertsitate Institutuaren (POLYMAT) 25. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin da. Ekitaldian, honako hauek hartu dute parte: Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Eva Ferreirak, POLYMATeko lehen zuzendari José M. Asuak, ORIBAY group Automotiveko gerente José Muñozek eta María Paulis POLYMATeko gaur egungo zuzendariak. Era berean, UPV/EHUko Ignacio Mª Barriola Zentroko atondoan POLYMATek antolatutako zientzia argazkien lehiaketako argazki irabazleen erakusketa bisita daiteke.

Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak bere hitzaldian nabarmendu duenez, «Material Polimerikoen Unibertsitate Institutua, POLYMAT, adibide bikaina da prestakuntza- eta ikerketa-proiektu bat gizarteari transferentziaren bidez nola proiektatzen zaion erakusteko. Eta, gainera, aliantza sendoa ezarri du administrazio publikoekin eta enpresekin. Horregatik ospatzen dugu gaur, bere lehen mende-laurdena, eta, gainera, onena oraindik etortzeke dagoelako ziurtasunarekin egiten dugu «.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Material Polimerikoen Unibertsitate Institutua (POLYMAT) 1999an sortu zen, Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko Juan J. Iruin eta José M. Asua irakasleek sustatuta. Haren helburu nagusia da inguruko enpresek polimeroen arloan dagoen ikerketa eskaerari erantzutea. Sortu zenetik, POLYMATek funtsezko zeregina izan du material eta teknologia berrien garapenean, eta erreferente bihurtu da material polimerikoen arloko zientzian eta prestakuntza aurreratuan.  Institutuak lau ikertalde ditu eta honako arlo hauek dituzte ardatz: Polimerizazio Prozesuak, Polimeroen Prozesatzea, Polimeroen Zientzia eta Polimeroen Erreologia.

POLYMATen garapena oso azkarra izan zen, hasieran tokiko eta nazioko industriekiko lankidetzen bidez, eta, oso denbora laburrera, gure mugetatik haratago. 2021ean, Liaison Program industriala abiarazi zen, hau da, uretan sakabanatutako polimeroen arloan interes orokorreko gaiei buruzko doktorego tesiak finantzatzen dituzten enpresa bazkideen programa. Programak abian jarraitzen du gaur egun eta 15 enpresa ditu. Eusko Jaurlaritzak oinarrizko zientzia garatzeko xede zuen Basque Excellence Research Centers (BERCs) programa abiarazi zuenean, epe luzeko ikerketa eta industriekiko interakzioak bateragarri egiteko aukera eman zuen. Institutuak polimeroetan aplikatzera bideratutako funtsezko ikergune bat eratzeko proposamena aurkeztu zuen. Proposamena onartu egin zuten eta ikergune berria (Basque Center for Macromolecular Design and Engineering, POLYMAT Fundazioa) 2021ean inauguratu zen.

Polimeroen arloko ikerketa izugarri sendotu zen helburu osagarriak zituzten bi ikergunerekin. José M. Asua irakasleak zuzentzen duen BERCk epe luzerako ezagutza garatzen du eta Institutuak (garai hartan José R. Leiza irakaslea zen zuzendari) ezagutza hori industriei transferitzen die. Institutua eta BERC elkarrekin doaz eta irudi bakarra erakusten dute kanpoaldean. Nazioartean POLYMAT, University of the Basque Country UPV/EHU izenez da ezaguna.

Sinergia horri esker, garapena izugarria izan da eta POLYMAT 2011n 30 bat ikerlari izatetik gaur egun 210 izatera iritsi da. POLYMATek material polimerikoak sintetizatu, prozesatu eta karakterizatzeko teknologia aurreratua duten zenbait laborategi ditu Kimika Fakultatean, Joxe Mari Korta Zentroan, Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta CICnanoGUNEn. 25 urte hauetan, 2.000 artikulu baino gehiago argitaratu dituzte, 200 doktore baino gehiago graduatu dira, Europako 55 proiektutan baino gehiagotan hartu dute parte (3 ERC barne), 45 enpresarekin baino gehiagorekin egin dute lan epe luzeko kontratuetan, 20 patente baino gehiago lortu dituzte eta nazioarteko 30 kongresutik gora antolatu dituzte. Horretaz guztiaz gain, POLYMATen patenteetan oinarritutako 3 start-up sortu dira.

“Hori guztia ezinezkoa zatekeen POLYMATeko kide guztien konpromisoa, dedikazioa eta lan bikaina, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostia Sustapena erakundearen babes ausarta izan ez bagenu. Ikerbasque funtsezkoa izan da unibertsitateko irakasleekin batera POLYMATen oinarrizko egitura osatzen duten ikertzaileak erakartzeko. Halaber, eskerrak eman behar dizkiegu guregan konfiantza izan duten enpresei. Horietako batzuekin ia 25 urte daramatzagu lanean”, adierazi du José M. Asuak.

POLYMATen etorkizuna ikerketa aukerak zabaltzen jarraitzera dago bideratuta, bai eta polimeroen arloan erreferente gisa duen posizionamendua sendotzera ere. “Aurre egin beharreko erronka garrantzitsuetako bat jasangarritasuna da, bai eta material polimerikoen arloan ere. POLYMATeko kideok gure ikuspuntua jasangarritasunean jartzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, ingurumen arazo globalak konpontzen lagundu dezaketen material berriak ikertzeko. Gainera, denbora luzea daramagu aplikazio bideomedikoetarako material polimerikoak, polimeroen 3D inprimaketa aurreratua, energiarako materialak, material molekularren zientzia eta gure garapenetan adimen artifizialaren erabilera ikertzen. Horregatik guztiagatik, lankidetzan jarraituko dugu Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sareko beste zentro batzuekin, bai eta tokiko eta nazioarteko unibertsitate eta industriekin ere”, azaldu du Institutuko zuzendari María Paulisek.

Etorkizunerako ikuspegi argiarekin eta jasangarritasunarekiko konpromisoarekin, POLYMAT prest dago datozen hamarkadetan polimeroen arloan aitzindari izateko.