Droga-trafikoan aritzen zen eta Ertzaintzak eta Guardia Zibilak desegin zuten erakunde kriminal bateko kideak espetxeratu dituzte

0
  • Hamar pertsona atxilotu dituzte, horietako bat Ertzaintzako agentea, droga-trafikoa, fluido elektrikoaren iruzurra, sekretuak ezagutaraztea eta erakunde kriminala egotzita.
  • 16 sarrera eta miaketa egin dira Bizkaiko 9 udalerritako etxebizitza eta lokaletan, eta beste bat Kantabrian.
  • 23 kilo marihuana-kukulu, 5.000 marihuana-landare baino gehiago, 19 kilo haxix, beste 10 kilo marihuana-ziztada, 1,3 kilo kokaina, 40 gramo MDMA eta 900 gramo ebaketa-substantzia konfiskatu dira. 78.000 eurotik gora eskudirutan eta ikertutako delituekin lotutako beste efektu batzuk ere harrapatu dira.
  • Atxilotu guztiak espetxeratu dituzte epailearen esku utzi ondoren

Ertzaintzak eta Guardia Zibilak, «Tahocei-Lizar» operazioaren barruan, substantzia estupefazienteen trafikoan aritzen zen talde kriminal bat desegin dute.

Ikerketa Sestaoko ertzain-etxeko agenteek hasi zuten, zenbait pertsona beren mugapeko zenbait tokitan marihuana lantzen eta trafikatzen ari zirela ikusi zutenean.

Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroaren (CITCO) bidez ezarritako koordinazio-esparruaren barruan, egiaztatu zen Guardia Zibilak susmagarrietako bati buruzko ikerketa bat irekita zuela, eta, beraz, erabaki zen elkarrekin operazio bat egitea eta Barakaldoko Epaitegiari jakinaraztea aurretiazko eginbideak irekita zituela.

Bi polizia-kidegoek droga-trafikoan aritzen zen erakunde kriminala zegoela egiaztatu ondoren, joan den ostegunean operatiboaren ustiapen-fasea garatu zen, eta Ertzaintzako eta Guardia Zibileko agenteek elakrrekin parte hartu zuten.

Auto judizialak eman ondoren, 16 sarrera eta miaketa egin ziren Bizkaiko etxebizitza eta lokaletan (Abanto-Zierbena, Alonsotegi, Barakaldo, Basauri, Bilbo, Erandio, Leioa, Portugalete eta Sestao), baita Kantabriako Castro Urdiales herrian ere.

Guztira, hamar pertsona atxilotu zituzten droga-trafikoa, fluido elektrikoaren iruzurra, sekretuak ezagutaraztea eta erakunde kriminaleko kide izatea egotzita. Atxilotuetako bat Ertzaintzako agente bat da.

Operatiboan parte hartu zuten agenteek 78.840 euro konfiskatu zituzten eskudirutan. Substantzia estupefazienteei dagokienez, 19.592 gramo haxix, 22.973 gramo marihuana-kukulu, 10 kilogramo marihuana-ziztada, 1.300 gramo kokaina, 40 gramo MDMA edo «estasia» eta 900 gramo ebaketa-substantzia atzeman zituzten. Era berean, lau marihuana indoor landaketa desegin zituzten, hazkuntza fase desberdinetan zeuden 5.273 landarerekin. Landare horiek sareari legez kanpo lotutako elektrizitatea erabiltzen zuten. Gainera, atxilotuek erabilitako 14 telefono mugikor eta 6 ibilgailu okupatu zituzten.

Polizia-eginbideak amaitu ondoren, larunbatean atxilotuak epailearen esku utzi zituzten, eta guztiak espetxeratzeko agindua eman zuen.