Arriolak Denis Itxaso eta Susana García Chuecarekin egin du karguen eskualdaketa

0

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu berriarekin eta Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburu berriarekin bildu da astearte honetan, Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitza nagusian. Sailburu berriek orain arte Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku zeuden eskumenak bereganatu dituzte.

Karguak eskualdatzeko egindako bileran —ordubete iraun du—, hiru arduradun publikoek XIII. legegintzaldirako bi Sail berriek dituzten erronka nagusiak aztertu dituzte. Erronka horien artean daude euskal herritarrei etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea bermatzea, auzo degradatuen hiri-berroneratze integrala bultzatzea, eta trenbide-azpiegiturak eta mugikortasun jasangarria sustatzea.

Kargua utzi duen sailburuak «asmatu eta zorterik onena izan dezaten» opa die bere ondorengoei «pertsona xumeen eguneroko bizitza hobetuko duten neurri aurrerakoiak ezartzeko», eta eskerrak eman dizkie hiru legegintzaldietan bidelagun izan dituen Gobernu Taldeetako kideei hauek egin duten lanagatik.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu berri Denis Itxasok adierazi duenez, Euskadin etxebizitza duin bat eskuratzeko aukera hobetu behar da. Zentzu horretan, sailburuak azpimarratu du Sailak alokairuko 7.000 etxebizitza baino gehiago jarriko dituela martxan, haietako erdia gazteentzat. Gazteei «itxaropena itzuli» behar zaiela defendatu du. Itxasok «etxebizitza eskuratzeko arazoaren aurrean borrokarako jarrera» hartuko duela defendatu du, eta erronka horri aurre egiteko indarrean dauden etxebizitza-legeak defendatu ditu tresna gisa.

Bestalde, Mugikortasun Jasangarriko sailburu Susana García Chuecak aipatu du une honetan «euskal herritarrek mugikortasunaren arloan dituzten eskubideak areagotzeko aukera dugula». «Eskubide horrek aukera-berdintasuna sortzen du, eta, horregatik, bermatu behar dugu pertsona guztiek —bereziki, baliabide gutxien dutenek, hala nola gazteek edo langabeek— mugikortasuna baldintza berberetan eskuratu ahal izango dutela». Eta gogoratu du datozen lau urteetan «Euskal Autonomia Erkidegoaren garapen sozial eta ekonomikoan eragin handia izango duten» tren-azpiegiturak amaitu eta martxan jarriko direla.