Dbizi-k tarteko geldialdia aurkeztu du

0

Giltzarrapo adimenduna duten bizikleta elektrikoek eskaintzen dute funtzionalitate berri hau

Dbizik, Donostiako bizikleta sistema publikoak, “tarteko geldialdia” aurkeztu du gaur goizean. Giltzarrapo adimenduna duten bizikleta elektrikoek eskaintzen duten funtzionalitate berria da. Funtzionalitate horrekin, erabiltzaileak gehienez ere 30 minutuko geldialdia egin dezake, egiten ari den ibilbidean, Dbiziko geltoki batean aparkatu beharrik gabe.

Zerbitzu berri hau erabili ahal izateko, aukera hau aktibatu beharko da Dbiziren apparen bidez, bidaia atalean, betiere giltzarrapoa itxi aurretik; izan ere, geldialdia aktibatu gabe ixten bada, bizikleta aparkatzea ezinezkoa izan dela jakinaraziko du appak. Kasu horretan, erabiltzaileak 2 minutu izango ditu bizikletaren giltzarrapoa irekitzeko eta app bidez tarteko geldialdia aktibatzeko.

Gehienez 30 minutuko geldialdia egin ahal izango da, eta denbora tarte horretan bidaia irekita egongo da, erabiltzaileak bidaia Dbiziko geltoki batean edo Geltoki+ plaza batean amaitu arte.

Olatz Yarza Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko zinegotziak nabarmendu duenez, “sistema horren kalitatea are gehiago hobetzeko urratsak egiten jarraitzen dugu, eta funtzionalitate berriak sartzen ari gara, bizikleta publikoa izan dadin hirian mugitzeko lehen aukeretako bat. Duela gutxi Geltoki+ aurkeztu genuen, giltzarrapo adimendunari esker geltoki gehiago izateko aukera, eta orain zerbitzua osatu dugu funtzio berri honekin, zeinarekin bizikleta erakargarriago izatea eta jendeak bizikleta garraiobide gisa aukeratzea bilatzen den”.

Igor Gonzalez Dbuseko zuzendari gerenteak adierazi du ziur dagoela funtzionalitate berri hau oso ondo baloratuko dutela erabiltzaile guztiek, “denbora irabaztea ahalbidetzen duelako, enkarguak edo izapide azkarrak egiteko baliatu baitaiteke ibilbidea. Horrela, Dbizik herritarren beharretara egokitutako kalitatezko zerbitzua eskaintzeko apustua egiten jarraitzen du”.

Bizikleta elektrikoei jarritako giltzarrapo adimendunari esker garatu ahal izan da aldi baterako geldialdia, eta hori posible izan da Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren (MITMA) Next GenerationEU Funtsen bidez jasotako finantzaketarekin.

 

Dbizi sistema berritzearen aldeko apustua

Tarteko Geldialdia da Dbizik 2024an aurkezten duen bigarren funtzionalitatea. Horrela, bizikleta elektrikoetan jarritako giltzarrapo adimendunari esker, joan den martxoan Geltoki+ aurkeztu zen. Aukera horrek geltoki periferikoetan aparkaleku gehigarriak eskaintzen ditu, Dbiziko geltokiak beteta daudenean. Horretarako, bizikleten aparkalekuak jarri dira Dbiziko geltoki jakin batzuen inguruetan, erabiltzaileek bizikleta han utzi ahal dezaten helmuga geltokia beteta baldin badago.

Dbiziren berritasun hauekin, Dbizik erabiltzaileei aukera berriak eskaintzearen alde egiten jarraitzen du, aldi berean hirian bizikleta erabiltzea sustatzen jarraituta.