eLankidetzak sei estrategia humanitario babestuko ditu gatazketan eta indarkeria egoeretan

0
  • Proiektuek lekualdatuen edo errefuxiatuen behar humanitarioei erantzungo diete, eta tokiko erakunde humanitarioak indartuko dituzte Afrikan, Hegoa Amerikan eta Ekialde Hurbilean
  • eLankidetzak 10.4 milioi euro inguru bideratuko ditu aurten ekintza humanitarioko deialdietara

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, 4.773.259,61 euro bideratuko ditu ekintza humanitarioko sei estrategietara, bi urteko iraupena duten eta 800.000 euro arteko aurrekontua dituzten ekimenetara. Helburua da krisi humanitarioak jotako pertsonak babestea, tokiko erakundeak indartzea eta Euskadiko gizartea sentsibilizatzea. Artatutako krisien artean, lau dira nazioarteko laguntza humanitario nahikorik jasotzen ez duten krisi larriak eta luzeak.

2024an, 300 milioi pertsona inguruk laguntza humanitarioa behar dute, Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio batuen Bulegoaren arabera. Krisi humanitarioak sarritan denboran zehar luzatzen dira, eta haien eraginpean dauden biztanleek jasaten dituzten ondorioetako batzuk dira elikadura segurtasun eza, sexu-indarkeria eta generoan oinarritutakoa edo osasunerako sarbiderik eza.

Euskal zein tokiko erakundeek egiten duten lanari esker, eLankidetzak ekintza humanitarioko sei estrategia babestuko ditu Hegoa Amerikan −Venezuela, Kolonbia eta Ekuadorko mugetan−, Ekialde Hurbilean eta Afrikan.

Alboan, Latinoamerika eta Karibeko Servicio Jesuita Refugiado Fundazioarekin batera, Ekuatore-Kolonbia eta Venezuela-Kolonbia arteko mugetan dauden lekualdatutako pertsonak eta harrera-komunitateak babestuko dituzte. Gainera, laguntzari esker, mugaz gaindiko lana koordinatzeko mekanismo bat sortuko du fundazioak, eta hainbat ekintza egingo ditu Euskadin; tartean, ikasleekin, komunikabideekin eta erakundeekin sentsibilizazioa egingo du mugikortasun behartuan dauden emakumeen egoerari buruz.

Ekialde Hurbilari dagokionez, Nazioarteko Elkartasuna GGKEak The Popular Aid for Relief and Development (PARD) erakundeari lagunduko dio, Libano Hegoaldean kokagune informaletan bizi diren emakume errefuxiatu palestinar eta siriarren ahalduntze sozioekonomikorako. Jardueren artean, kanpamenduetako emakume batzordeak indartzea eta euskal erakunde feministekin aliantzak sortzea daude.

UNRWAk, bestalde, Palestinako emakume errefuxiatuen gizarteratzea, erresilientzia eta autonomia hobetuko ditu Sirian. Era berean, Nazio Batuen Agentziak euskal gizartea sentsibilizatuko du errefuxiatu palestinarren errealitateari buruz musika hezkuntzako guneetan eta emakume etxeetan.

Babestutako hiru estrategia Afrikan gauzatuko dira. Bi Tindufeko saharar errefuxiatuen kanpalekuetan egingo dira. Lehenengoan, Mundubatek elikadurako programa bat bultzatuko du bigarren hezkuntzako ikastetxeetan, Saharako Ilargi Gorriaren eskutik. Bigarrena Arabako SEADen Lagunen Elkartearen bitartez egingo da. Horren bidez, Gizarte Gaietarako eta Emakumeen Sustapenerako Ministerioak dibertsitate funtzionala duten pertsonen elikadura eta nutrizio segurtasuna hobetuko dute. Era berean, bi ekimen horiek jasotzen dituzte jarduerak euskal gizartea sentsibilizatzeko elikadurarako eskubidearen eta saharar herriak pairatzen duen aberastasunaren espoliazioaren inguruan.

Bukatzeko, Farmamundik Health and Social Economic Development in Africa Fundazioari (HESED-Afrikari) lagunduko dio Somaliatik, Etiopiatik, Hego Sudanetik, Ugandatik eta Kongoko Errepublika Demokratikotik indarkeriatik Keniara ihes egiten duten errefuxiatuen osasuna zaintzeko. Bereziki, sexu eta generoan oinarritutako indarkeriatik bizirik atera diren emakumeei laguntza emango diete, bai eta tokiko sarea indartu eta Kenian parte hartzea eta kontuak ematea bultzatu.

Deialdi gehiago uda ostean

Datozen hilabeteetan, eLankidetzak 5.6 milioi euroko laguntzak emango ditu ekintza humanitarioko proiektuak babesteko. Krisi humanitarioan dauden pertsonen beharrei erantzuteko balio dute, bi urterako esku-hartzeak dira eta gehienez 200.000 eurora arteko aurrekontua izaten dute. Estrategiekin, aldiz, krisi humanitarioak eragindako pertsonak babesteko ekintzak gauzatzeaz gain, erakunde humanitarioak indartzen dira eta euskal herritarrak sentsibilizatzen dira.