Smartlog, SD Eibarren babesle berria datozen hiru denboraldietarako

0

Gipuzkoar enpresa honen logoa gizonezkoen lehen taldearen ekipazioaren aurrekaldean agertuko da

SD Eibar eta Smartlog Group enpresak akordio bat sinatu dute, Smartlog klubaren babesle nagusi bilakatuz hurrengo hiru denboraldietarako. Gipuzkoar enpresa honen logoa gizonezkoen lehen taldearen kamisetaren aurrekaldean agertuko da.

Akordio honekin, bi erakunde gipuzkoarrek 2024eko urtarrilean hasi zuten konpromisoari jarraipena ematen diote, izan ere 2024 urtearen hasieran Smartlog emakumezkoen lehen taldearen babesle nagusi bilakatu baitzen.

Akordio honen arabera, Smartlog gizonezkoen lehen taldearen kamisetaren aurrekaldean presentzia nabarmena izango du, eta baita Ipuruako beste zenbait publizitate-euskarrietan ere. Gainera, Smartlog emakumezkoen lehen taldearen babesle nagusia izaten eta kamisetaren aurrekaldean agertzen jarraituko du.

Amaia Gorostiza, SD Eibarreko presidentea, «oso ilusionatuta» agertu da. «Bertako enpresak gara, baina anbizioarekin eta etorkizuneko proiekzioekin». Amaia Gorostizak azpimarratu duenez, «lankidetza hau oso emankorra izan daiteke bi aldeentzat eta oso pozik gaude hurrengo denboraldietan gure izenak elkartuta eramateaz».Gainera, «balio asko partekatzen ditugu, hala nola iraunkortasuna, berdintasuna, benetakotasuna eta ahalegina, eta pozik gaude bat egiten dugulako gure ingurunean ekarpen positiboa egiteko”.

Bestalde Javier Zubiaurre, Grupo Smartlogeko CEOak azpimarratu duenez, “Smartlogen oso pozik gaude SD Eibarrekin sinatutako akordio honekin. Jasangarritasuna eta gizarte-erantzukizuna euskarriak dira gure estrategian eta akordio honek konpromiso hau indartzen du, gure balore berberak dituen talde bati batu eta kirolean zein gure inguruan eta gizartean eragin positibo bat sustatuz”.

Smartlog-i buruz

Smartlog Group Urretxun egoitza duen nazioarte mailan lan egiten duen enpresa da, Europan, Hego eta Erdi Amerikan, Ekialde Ertainean eta Afrikako Iparraldean presentzia duena.

Smartlog Group intralogistika aurreratuen diseinuan eta inplementazioan espezializatuta dago, datuen gestioaren teknologian eta robotika mugikor autonomoan oinarritzen da. Helburu nagusia biltegi eta zentro logistikoak automatizatu eta efizienteagoak bilakatzea da, haien instalakuntzetako produktibitatea hobetuz.