Sporting Clube de Portugalek Athleticen udako lagunartekoen zerrenda osatu du

0

Zuri-gorriak Portugalgo egungo txapeldunaren aurka neurtuko dituzte indarrak uztailaren 27an, 20:30etan, Jose Alvalade Estadioan

Athletic Clubek Sporting Clube de Portugal taldearen aurka jokatuko du datorren uztailaren 27an, larunbata, Lisboako Jose Alvalade Estadioan, Euskal Herriko 20:30etatik aurrera (19:30ak bertan). Partida hau iragartzearekin batera, bilbotarrek denboraldiaurre osoa prest dute: sei lagunarteko jokatuko dituzte eta Euskal Herriko Txapelaren finala CA Osasunaren aurka, Lasesarren abuztuaren 3an jokatuko dena, 20:30ean. LaLiga abuztuaren 15ean Getafe CF-ren kontra San Mamesen hasi aurretik, Burgos CF (uztailak 20), Real Racing Club de Santander (uztailak 24), SD Eibar (abuztuak 1), Aston Villa (abuztuak 7) eta VfB Stuttgart (abuztuak 10) izango dira gainerako arerioak.

Norgehiagokak Trofeo V Violines saria jarriko du jokoan. 2012an sortua, urtero ospatzen da Jose Alvalade Estadioan eta Jesus Correia, Vasques, Albano, Peyroteo eta Jose Travassos omentzen ditu, 1946 eta 1949 bitartean Sporting CP taldeko aurrelarien boskotea, «Cinco Violines» bezala ezagutua izan zena zelaian erakusten zuten harmoniagatik. Orain arte, Lisboako taldeak zortzi ediziotan irabazi du eta Empoli, Sevilla FC eta Valencia CF talde bisitariek bakarrik lortu dute titulua.

Berde-zuriek, Athletic bezala lehoiak ere deituak, ligako txapeldun izendatu dira hiru denboraldiren ostean, eta Portugalgo hirugarren talderik sarituena dira 54 titulurekin. Rúben Amorim entrenatzaileak zuzentzen du aulkitik taldea, eta bere jokalari nabarmenenak Viktor Einar Gyökeres aurrelari suediarra, txapelketako pitxitxia 29 golekin eta beste 14 gainerako lehiaketetan eta Pedro Gonçalves eta Trincão futbolari portugaldarrek 18 eta hamar sartu dituzte, hurrenez hurren.

Udakoa bien arteko hamabigarren norgehiagoka izango da. Orain arte, UEFA Europa Leagueko bi kanporaketa jokatu dituzte elkarren aurka, azkena oroitzapen zuri-gorri onekoa, 2011/12 denboraldiko finalerako txartela lortu baitzuten. Bestalde, 1985/86an final-zortzirenetan galdu zuten. Gainera, zazpi lagunarteko pilatu dituzte, hiru Lisboan, beste horrenbeste San Mamesen eta bat Badajozeko El Vivero zelaian. Balantzea talde bizkaitarraren aldekoa da, bi garaipen, lau berdinketa eta porrot batekin.