Zazpi lehoikumek ekingo diote denboraldiaurreari Valverderekin

0
PRUEBA

Padilla eta Gastesi atezainak, Rincon, Egiluz eta Adama atzelariak, Jauregizar erdilaria eta Olabarrieta aurrelaria hilaren 8an hasiko dira lehen taldearekin

Iaz Bilbao Athleticen aritu ziren zazpi futbolarik astebetean hasiko dute denboraldiaurrea Ernesto Valverderen aginduetara, astelehenean, hilaren 8an. Alex Padilla (20 urte) eta Oier Gastesi (20) atezainak, Hugo Rincon (21), Unai Egiluz (22) eta Adama Boiro (22) atzelariak, Mikel Jauregizar erdilaria (20) eta Aingeru Olabarrieta (18) hegalekoa izango dira.

Horietako hiruk denboraldiaurrea errepikatuko dute, Padilla, Rincon eta Egiluzek, hain zuzen ere. Bestalde, Mikel Jauregizar ohikoa izan zen iaz lehen taldearen deialdietan, hamar partidatan parte hartu baitzuen, eta Olabarrieta eta Egiluz lehoi gisa estreinatu ziren partida batean.

Adama Boiro ezker hegaleko atzelaria CA Osasuna taldetik aurreko denboraldi erdian fitxatu zuen Athleticek. Orain Yuri Berchiche, Iñigo Lekue eta Imanol Garcia de Albenizek osatutako ezker laterala indartuko du.

Padilla eta Gastesi Unai Simonen falta arintzera datoz, Eurokopa amaitzean ebakuntza egingo baitiote, Julen Agirrezabalarekin batera atezainen hirukotea osatzeko.