Eusko Jaurlaritzak milioi bat eurorekin lagunduko du Euskadiko liburutegietarako funtsak sortu edo berritzea

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak gaur onartu duenez, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak milioi bat euroko deialdia bideratuko du Euskadiko liburutegietarako funtsak sortu edo/eta berritzeko dirulaguntzetara. Diru kopuru hori honela banatuko da:

  • 15.000 euro, gehienez, liburutegi sortu berriek funts-sortak eskuratu ditzaten.
  • 30.000 euro, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak ez diren euskal liburutegietako funtsak hornitzeko.
  • 955.000 euro, lehendik Irakurketa Publikoko Sarean dauden liburutegiek liburu funtsak berritu ditzaten.

Deialdia Euskal Autonomia Erkidegoko udalei, liburutegi publikoen titular diren toki-erakunde eskudunei, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko udal liburutegi publikoen arloan eginkizunak esleituta dituzten udal erakundeei zuzenduta dago, baldin eta haien liburutegiak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak badira. Baita Euskadiko irakurketa publikoko sarekoak izanik toki-erakundeek kudeatzen ez dituzten EAEko beste liburutegiei ere. Era berean, EAEko liburutegien titular diren pertsona juridiko pribatuei ere, baldin eta Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegien titularrak badira.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da gaur onartutako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iazko deialdian Euskadiko 176 liburutegik jaso zuten beraien funtsak berritzeko edo sortzeko dirulaguntza.