Euskal Herriko Unibertsitateko 2020ko promozioko tituludunen % 92 lanean ari zen graduko ikasketak amaitu eta hiru urtera. Horixe da, hain zuzen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak euskal unibertsitate publikoko gradudunei buruz egin duen ‘Laneratzeari buruzko azterlana’ txostenean jasotako ondorio nagusietako bat.
Inkesta 4.847 pertsonari egin zitzaien (horietatik 2.841 emakumeak) eta erantzunen indizea % 73koa izan zen Aipatutako promozioaren kasuan, okupazio tasa (ordaindutako lana duten pertsonen ehunekoa pertsona aktibo guztiekin alderatuta), esan den bezala, % 92koa da; jarduera tasa (lan egiten duten edo lanean ari diren pertsonen ehunekoa) % 93koa; enplegu tasa (ordaindutako enplegua duten edo jarduera profesionala betetzen duten pertsonen kopurua, guztizkoarekin alderatuta) % 86koa; eta langabezia tasa (lana bilatzen ari diren pertsonen ehunekoa, pertsona aktibo guztiekiko) % 8koa Sexuka banatuta, ehunekoetan alde nabarmena dago eta gizonezkoen datuak hobeak dira emakumezkoenak baino. Hain zuzen ere, okupazio tasa puntu bat handiagoa da, eta enpleguarena bi puntu handiagoa gizonezkoen kasuan. Ondorioz, langabezia tasa ere puntu bat txikiagoa da gizonezkoen kasuan (% 7). Bereziki garrantzitsua den beste datu bat hauxe da: 41 titulazioren kasuan okupazio tasa % 100ekoa da edo horretatik oso gertu dago (horien artean, Medikuntza, Odontologia, Erizaintza, Giza Nutrizioa eta Dietetika, Farmazia, Bioteknologia, Biokimika eta Biologia Molekularra, Ingurumen Zientziak, Fisika, Geologia, Matematika, Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoa, Filosofia, Geografia, Itzulpengintza eta Intepretazioa, Nautika, Ingeniaritza Kimiko Industriala, Ingeniaritza Kimikoa, Ingurumen Ingeniaritza, Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritza, Meatzaritza eta Energia Teknologiaren Ingeniaritza, Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektronikoa, Ingeniaritza Elektrikoa, Ingeniaritza Mekanikoa eta Energia Berriztagarrien Ingeniaritza).
Eva Ferreira errektorearen arabera, “emaitzak oso modu positiboan baloratu behar ditugu. Gure unibertsitatean eskainitako prestakuntza intelektualki sendoa dela erakusteaz gain, agerian geratu da aurreikuspen profesionalak (epe laburrerakoak zein luzerakoak) hobetzeko oso tresna eraginkorra dela. Aurreko urteko datuekin alderatuta ikusi ditugun gorakadek (2 puntu okupazio tasan eta 3 puntu enplegu tasan) joera hori baieztatu dute”.
Azterlanaren datu esanguratsuenak
Lan egoerari dagokionez, % 76,27k besteren kontura egiten du lan; % 3,55ek norberaren kontura; % 6,52k ikasten jarraitzen du; eta gainerakoen artean daude doktorego aurreko eta ondoko kontratuak dituztenak, langabezian daudenak, ezintasunen bat dutenak, kooperatibetako bazkideak eta abar. Ikasketei lotutako enplegu tasa (hau da, egindako ikasketekin lotura zuzena duen lan batean aritzea) % 89koa da Lan batean hasteko batez besteko denbora 3 hilabetekoa da, lehen enplegua bilatzeari ekiten zaionetik hasita. Soldatei dagokienez, oraindik ere zertxobait baxuagoak dira emakumeenak: gizonezkoen kasuan, batez besteko soldata 1.760 €-koa da, eta emakumezkoena, aldiz, 1.704 €-koa. Lanaldi partzialari dagokionez, gizonezkoen % 14k du aukeratuta lanaldi mota hori, eta emakumeen % 25ek. Bestalde, aztertu den promozioko pertsonen % 75 Euskal Autonomia Erkidegoan bizi da eta bertan egiten du lan, eta % 4k bakarrik egiten du lan atzerrian.
Batez besteko soldata eta lanaldiak
Lanaldi osoari dagokion batez besteko soldata 1.760 euro garbi da, 14 ordainsaritan. Jakintza arloen arabera, soldatak hauek dira, handienetik txikienera: Osasun Zientziak (1.999 euro), Ikasketa Teknikoak (1.901), Giza Zientziak (1.622), Zientzia Ekonomikoak eta Juridikoak (1.635), Gizarte Zientziak (1.596) eta Zientzia Esperimentalak (1.587). Emakumeen kasuan lanaldi murriztuen ehunekoa handiagoa da (gizonek baino 11 puntu gehiago) Lanpostuen balorazioari dagokionez, hauek dira ondoen baloratutako alderdiak: lanpostuko eginkizunekin zerikusia daukatenak (7,9), lanean egonkortasuna izatea (7,4) eta soldaten zenbatekoa (7,0).
Laneratzeko bideak
Lan merkatuan sartzeko bide nagusiei dagokienez, honako hauek nabarmentzen dira: ingurune soziala eta profesionala (% 32), oposizioak (% 19,5), curriculum vitaea entregatzea eta enplegu zerbitzuan alta ematea (% 12,5), unibertsitate ingurunea (% 12,1) edo lan eskaintza zehatzei emandako erantzuna (% 11,3). Tasa maila txikiagoak dituzte honako hauek: prestakuntza osagarria (% 5), curriculumetik kanpoko praktikak (% 3,4) eta autoenplegua (% 2,8). Hizkuntzei dagokienez, inkestatuen % 47k adierazi zuen egunero erabiltzen zuela euskara eta % 35ek ingelesa.