5,3 milioi euro enplegua sustatzeko eta ekintzaileei laguntzeko

0

EKINN Talent eta EKINN Harrera ekimenekin, Donostiak 225 lanpostu kualifikatu sortuko ditu eta ekintzaileen 5.000 kontsultari erantzungo die

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Donostiako Udalak, Sustapen Sozietatearen bitartez, 2,1 milioi euroko dirulaguntza lortu du Eusko Jaurlaritzaren “Europako Plus Gizarte Funtsa 2021-2027” (Euskal Autonomia Erkidegoko FSE+) programaren bitartez; gainerako diru ekarpena Donostia Sustapenak egingo du. Dirulaguntza honekin bi proiekturen % 40 batera finantzatuko da. Bata talentua erakartzearekin eta garatzearekin lotuta dago (EKINN Talent); bestea, berriz, ekintzailetza-proiektuak laguntzearekin, EKINN Nodoko Ekintzaileari Arreta Emateko Bulego berriak (EKINN Harrera) eskaintzen dituen zerbitzuen bidez.

Euskadiko FSE+ programaren helburuak, besteak beste, hauek dira: enplegua erraztea eta finkatzea; biztanleria aktiboaren kualifikazioaren eta lan merkatuaren beharren arteko desoreka murriztea; gazteen enpleguaren kalitatea hobetzea; eta kolektibo kalteberak lan merkatuan sartzea. Eta hori guztia genero arrakala murriztuz eta trantsizio berde eta digitalaren alde eginez.

Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak adierazi du Donostiak enplegu berritzaile eta kalitatezkoaren aldeko apustua egiten duela, talentua erakartzeko eta aukera berriak eskaintzeko, bereziki gazteei eta emakumeei. «Gure hiriaren etorkizuna gazteek beren lanbide- eta bizitza-proiektuak garatzeko bideak aurkitzearekin eta emakumeen talentua erabat sartzearekin lotuta dago. EKINN Talentekin eta EKINN Harrerarekin, Donostiak 225 lanpostu sortuko ditu eta 5.000 kontsultari erantzungo die Ekintzailearen Bulegoan, San Bartolome gainean dagoen EKINN eraikin berrian. Berrikuntza bezalako sektoreetan kalitatezko enplegua sortzea da biderik eraginkorrena gazteak eta emakumeak profesionalki modu bidezkoan eta eskubide osoz garatu ahal izateko «.

Testuinguru honetan, eta FSE+ programan sartzen diren jarduera-ildoen barruan, Donostia Sustapenak 2029ra arte gauzatzen joango diren bi proiektuetarako laguntzak onestea lortu du:

EKINN TALENT

Proiektu berritzaileak garatuko dituzten langile kualifikatuak kontratatzea du helburu ekimen honek, Donostiako talentua erakartzen eta garatzen laguntzeko. 2.578.660 euroko aurrekontuarekin, eta FSE+ funtsak % 40 (1.031.464 €) finantzatuta, tokiko enpresek eta erakundeek sustatutako proiektu berritzaileak babestuko ditu EKINN Talentek, talentua erakartzea eta txertatzea xede. Proiektuak iraungo duen bost urteetan, 225 lanpostu kualifikatu sortuko direla uste da.

EKINN HARRERA

Ekintzailetza-proiektuei laguntzeko programa da, Ekintzaileari Arreta Emateko Bulegoan bideratua (EKINN eraikina, Berrikuntza eta Ekintzailetza Nodoa). Eskaintzen duen zerbitzu sorta zabala (informazioa, prestakuntza, aholkularitza…) ekintzailetzarekiko kezkak dituzten pertsonen zerbitzura dago. Ekintzaileari Arreta Emateko Bulegoaren bidez, pertsona edo proiektu bakoitzak bere ibilbide eta laguntza pertsonalizatua aurkituko du. Programak 2.758.732 €-ko aurrekontua du, FSE+ funtsak % 40 (1.103.492 €) finantzatzen du, eta programa gauzatzeko epea 2029ko abenduaren 31ra artekoa da. Bost urtean 5.000 arreta zerbitzu ematea aurreikusita dago.

2024/07/04-an argitaratua