Etxebizitza eta Hiri Agendako Sailburuak Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala sinatu duten eragileei dei egin die “herri gisa erantzun bat” emateko

0
  • Hiri-berroneratzearen arloan, alokairuko etxe babestu berrien eraikuntzan eta erabiltzen ez diren eraikinen birgaitzean gazteentzako apartamentuak eraikitzeko Eusko Jaurlaritza Txontan (Eibar) egiten ari den jarduketak bisitatu ditu Denis Itxasok, Etxebizitza eta Hiri Agenda ministroarekin batera

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok, Etxebizitza eta Hiri Agendako ministro Isabel Rodríguezekin batera, Eibarko Txonta auzoaren hiri-berroneratze integralerako proiektua bisitatu du ostegun honetan. Proiektuak «birsorkuntza, etxebizitza babestuaren sustapena eta birgaitzea uztartzen ditu», hark aipatu duen bezala. Sailburu kargua hartu ondorengo lehen ekitaldi instituzionalean, Itxasoren aldamenean, Gipuzkoako udalerri horretako alkate Jon Iraola eta Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkari Marisol Garmendia izan dira.

Etxebizitza eta Hiri Agendaren arduradun berriak aurreratu duenez, sailburu gisa hartuko duen lehen neurria Euskadiko Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren inguruko deialdia egitea izango da uztailean bertan: “denborarik galdu gabe herri gisa erantzun bat eman behar diogu, gaur egun etxebizitza den gizarte-larrialdi honi «. Euskadiko Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala 15 urterako konpromisoa da, eta 2022ko azaroan (2036 arte) Euskadiko 90 erakundek sinatu zuten, administrazio publikoetatik hasi eta eraikuntzaren edo bankuen sektoreko enpresetara iritsi arte, unibertsitateak eta elkarte-sareak barne hartuta. «Eragile sozial eta ekonomiko guztiak inplikatu behar ditugu», azpimarratu du.

Sailburuak azaldu duen bezala, erantzun horren helburua da «guztiontzat, eta bereziki gazteentzat, etxebizitza duin bat lortzeko oinarriak ezartzea». «Ez dugu etorkizunik izango, baldin eta gure gazteek ez badute aurkitzen beren bizi-proiektua Euskal Autonomia Erkidegoan eraikitzeko aukerarik. Gure talentua atxikitzeko, belaunaldiz belaunaldi gizartea berritzeko eta etorkizun oparo eta jasangarri baterantz aurrera egiten jarraitzeko premisa gazteek bizitzeko leku bat aurkitzea da», defendatu du Itxasok, eta soluzio berritzaileak bilatzeko deia egin du, «arazoari alde askotatik aurre egiteko».

Denis Itxasok Txontaren proiektua erakutsi nahi izan dio ministroari, Eibarko Udalarekin eta Gobernu zentralarekin egindako «lankidetza-lan baten emaitzen erakusgarri bikaina delako». Izan ere, Gobernu zentralak Txontaren hiri-berroneratze integrala babestu du, Next Generation EU funtsetatik jasotako 1,7 milioi eurorekin, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientziako mekanismoaren bidez. Kopuru hori Eusko Jaurlaritzak jarritako 2,3 milioi euroei gehitu zaie. Horren emaitza izan da 17 eraikinetan banatutako 220 etxebizitza birgaitzea, energia-eraginkortasunaren, irisgarritasunaren eta bizigarritasunaren aldetik. Esku-hartze hori auzoan kokatutako hurbileko bulego batetik bideratu da. Eredu berritzaile horren proiektu pilotua Txonta auzoko proiektu bera izan zen, Bilboko Otxarkoagakoarekin batera. Eredua Euskal Autonomia Erkidegoko 21 udalerritara zabaldu da dagoeneko, eta erreferentziatzat hartzen da estatuan eta nazioartean, auzo kalteberen hiri-berroneratze integralaren arloan.

Halaber, ministroak eta sailburuak Txonta Hegoaldeko eremurako aurreikusitako proiektuaren berri izan dute. Bertan, alokatzeko babes ofizialeko 200 etxebizitza berri baino gehiago eraikiko dira, eta Eusko Jaurlaritzak 30 milioi euro inguruko inbertsioa egingo du. Hirigintza-plangintzaren alorrean onartzear dagoenez, gerora, promozio berriak eraikitzeko lanetan aurrera egin ahal izango da.

Azkenik, agintariek proiektuaren xehetasunak ezagutu dituzte. Horren arabera, Aibe fabrikako tailer zaharrak (fabrikak automobilgintzako osagaien arloan jarduten zuen) gazteentzako alokairuko zuzkidura-bizitoki bihurtuko dira. Apartamentuak txandakakoak izango dira; izan ere, horietan gehienez bost urtez bizi ahal izango da, hileko diru-sarreren % 30 gainditzen ez duen hileko kanon baten truke; bereziki egokiak dira emantzipazio-prozesuak bultzatzeko. Aibekoa duela gutxi Eusko Jaurlaritzaren eta Eibarko Udalaren artean Txonta Hegoaldeko eremuan eraikitzeko indarrean dagoen hitzarmenari gehitzen zaion proiektua da.

«Txontaren eredua zentzu eta helburu soziala duen lankidetzaren eredua da, etxebizitzaren erronkari behar diren erantzunak mahai gainean jartzea ahalbidetzen diguna», azaldu du sailburuak; «ildo horretan sakontzen jarraitu nahi dugu, miraririk eta berehalako soluziorik ez dagoela jakinda, baina pertsona guztiek etxebizitza duina izateko duten eskubidearekiko anbizioa, lana eta konpromisoa bermatuz».

Bestalde, Eibarko alkate Jon Iraolak adierazi duenez, “Eibarko Udalak Txonta auzoa birgaitzearen eta hobetzearen aldeko apustu irmoa egin du, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari eta Iñaki Arriola sailburu ohiari esker eta baita Espainiako Gobernuak emandako laguntzari esker; haien babesarekin eta lankidetzarekin erantzuna azkarrago emateko gai izan gara. Erakundeen arteko laguntza funtsezkoa izan da, bizilagunen komunitateak hobetzeko helburua betetzeko. Eibarko auzo enblematikoenetako hau modu integralean lehengoratzeko helburuan egiten jarraituko dugu orain”. Era berean, Iraolak esan du “pribilegio eta zorte bat da higiezin historiko jakin batzuei bigarren bizitza bat eman ahal izatea, bereziki gazteentzat diren zuzkidura-bizitokiak sortzeko eta haien emantzipazioa errazteko”.