Eusko Jaurlaritzak babesa eman die gaur Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartzen hasteko abiatu diren gazteei

0
  • 67 gaztek lankidetza-ekintzak egingo dituzte Ámerica eta Afrikako bederatzi herrialdetako 22 proiektutan

Loiu, 2024/07/04

Miren Saratxaga Gazteria zuzendaria Loiuko aireportura hurbildu da gaur arratsaldean, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak eta Elankidetza Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak antolatutako Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartzen duten gazteei agur esan eta babesa emateko.

Hain zuzen ere, 22 dira gaur bidaia hasi duten gazteak, eta guztiak Perura doaz. Guztira 67 gazte dira, 60 emakume eta 7 gizon, ia 3 hilabetez programaren 2024ko edizioan parte hartuko dutenak. Programa horretan, 31 urteko historian, 2.500 gaztek baino gehiagok hartu dute parte, eta Euskadiko eta Hegoaldeko 100 GGKE baino gehiagok lagundu dute.

Oraingo honetan, euskal garapenerako gobernuz kanpoko hamar erakundek parte hartzen dute programan: Asociación de Servicio de Solidaridad San Viator (SERSO); Medicus Mundi Bizkaia; Misiones Diocesanas Vascas Vitoria; Ayuda en Acción; Misiones Salesianas; Hermanas Pasionistas; Asociación Unión y Apoyo del Hablante Pular – Haaly Pular; Asociación Africanista Manuel Iradier; Nazioarteko Elkartasuna – Solidaridad Internacional; eta Fundación Etiopiautopia TIKAL.

Edizio honetan parte hartuko duten gazteek boluntario-ekintzak egingo dituzte, eta bederatzi herrialdetara bidaiatuko dute: Honduras, Peru, Ekuador, Mexiko, Guatemala, Bolivia eta Kolonbia, Amerikan; eta Ginea Konakry eta Etiopia, Afrikan. Guztira, 22 proiektutan parte hartuko dute.

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren helburua Euskadiko gazteak hegoaldeko herrialdeetako lankidetza-ekintzetan sentsibilizatzea eta herrien eta kulturen arteko elkartasun-kultura sustatzea da.