Itxasok alokairuko etxebizitzen parke publikoa handitzeko bide berriak aztertzearen alde egin du, Euskadiko etxebizitzaren «erronka ikaragarriaren» aurrean

0

Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak bere lehen elkarrizketan adierazi duenez, etxebizitzarena «erronka izugarria da, pertsonen eguneroko bizitzan eta gazteen emantzipazioan eragina duelako». Adierazi duenez, gai horretan eskumenak dituen administrazioaren maila desberdinek – estatukoa, autonomikoa eta udalekoa – partekatu behar duten erronka da, baita eragile sozialek, ekonomikoek eta profesionalek ere.

ldo horretan, Itxasok berretsi du uztailean bertan deituko dituela Euskadiko Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala sinatu duten eragileak autonomia erkidegoko etxebizitzaren erronkaren aurrean «herrialde-mailako erantzuna» bilatzeko. Itun hori 2022an sinatu zen, ehun eragile ingururekin. «Eragile guztiak deitu nahi ditugu 2022ko babesa berresteko, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko talde berria aurkezteko eta koalizio-gobernuaren akordioa aurkezteko, helburuak partekatu ditzagun», zehaztu du.

 

Sail berriaren ekintzen artean, sailburuak legegintzaldi honetan alokairuko 7.000 etxebizitza publiko eraikitzea aipatu du, eta, Visesaren eta Etxebizitza Zuzendaritzaren bitartez eraikitzen jarraitzeaz gain, atea ireki du «zuzenean etxebizitza-merkatu librera jotzeko eta etxebizitza horiek erosteko, alokairu babestuko erregimenean Alokabideren parkea handitu dezaten», «azkarragoa» delako. Horretaz aparte lonja hutsak etxe bihurtu nahi dituzten udalerriei laguntza ematearen aldekoa aurkeztu da.

Etxebizitza turistikoak
Isabel Rodríguez Etxebizitza eta Hiri Agendarako ministroak etxebizitza turistikoak eta aldi baterakoak jorratzeko iragarritako neurriei dagokienez (gaur Euskadi bisitatu du sailburuarekin batera,), Itxasok txalotu egin ditu bizilagunen komunitateetan ostatu mota horiei betoa jartzeko aukera sendotzeko lege-erreformak eta estatu mailako erregistro komun bat sortzeko ekimena. Eta gogorarazi du Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak lan sendoa egin duela horri buruz, erregistro propio batekin. «Etxebizitzaren funtzio soziala bermatu behar dugu», azpimarratu du. «Ikusiko dugu gune tentsionatu izendatzeak udalei ahalmena eman liezaiekeen gai honetan eskuhartzeko», gaineratu du.

Aurreko legealdian Eusko Jaurlaritzak Estatuko Etxebizitza Eskubidearen aldeko Legeari aurkeztutako helegiteari dagokionez (hiru sailburu sozialistak aurka agertu ziren), adierazi du «Auzitegi Konstituzionalak esaten duenaren menpe» egongo direla, eta koalizio-gobernuak etxebizitzaren arloan hartutako akordioaren neurriak aldarrikatu ditu.
.