Javier Hurtado sailburua BilbaoCentro elkartearen egoitzaren inaugurazioan izan da

0

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak BilbaoCentro elkartearen egoitza berriaren inaugurazioan esku hartu du gaur. Bertan izan da Elena Moreno Merkataritzako zuzendaria ere. Egoitza elkartekideentzako topagune berritua bihurtu da, eta bertan aholkularitza eta laguntza jaso ahal izango dituzte.

Sailburuak azpimarratu du: “Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailetik benetan sinesten dugu merkataritza-sektorea suspertzeko erakundeen arteko eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanaren garrantzian. Eta, horretan, elkarteek zeregin garrantzitsua izan behar dute sektorearen trakzio-elementu gisa, politika publikoekin lankidetzan”.

Gainera, erantsi du: “aurreko legealdian merkatarien elkarteak bultzatzeko eta hobetzeko lan egin zen, egungo egoera ekonomikoarekin lerrokatuta. Merkataritzari hainbat laguntzaren bidez ematen diogu babesa, horien artean daude Merkataritza Establezimenduen Modernizazioa (MEC) bultzatzekoak, Merkataritzako Bulego Teknikoak edo Hirigune laguntzak. Edota baita hiru hiriburuetan, bertako udalekin lankidetzan, hutsik dauden lonjak biziberritzeko hedatutakoak bezalako proiektuekin ere. Guztiak hiriko merkataritza guneak suspertzeko eta itxita dauden lokalak okupatzea sustatzeko proiektuak dira, ekintzailetza sustatzen den aldi berean”.

Merkataritza-jarduera oinarrizko elementua da gure gizarte- eta lan-bizitzaren ereduan, eta, aldi berean, tokiko hazkunde ekonomikoan eta enplegua sortzen laguntzen du, enpleguaren % 14 eta EAEko BPGren % 11 hartzen baititu. “Eta zifra horien artean, ez dugu ahaztu behar merkataritzaren bihotza pertsonak direla. Egunero ateak zabaltzen dituzten merkatariak eta gertuko saltokira aholkuaren eta tratu pertsonalizatuaren bila joaten diren pertsonak”, nabarmendu sailburuak.