Kanpoko 53 aterpe eta barruko 36 aterpe dira guztira udalerri guztian
Donostiak aterpe klimatikoko sare bat du herritarrek berotatik babestu ahal izateko, batez ere tenperatura handia den egunetan. Aterpe horien helburu nagusia da beroaren erasana murriztea, bereziki adineko pertsonei.
Ekologiako zinegotzi Juantxo Marrerok adierazi duenez, «maiatzetik urrira bitartean erabiltzeko moduan jarrita daude aterpe klimatikoak. Proiekzio klimatikoen arabera, muturreko tenperaturak eta bero-boladak ohikoagoak izatea ekarriko du klima aldaketak, eta gaixotasun eta heriotza tasak handitu egin daitezke horren ondorioz. Aterpe horiek arindu egiten dute beroaren erasana, batez ere adineko pertsonei«.
Kanpoko 53 aterpe eta barruko 36 aterpe dira guztira, eta udalerri guztian banatuta daude. Kanpokoak, Donostian diren parkeak eta berdeguneak ditugu (300 hektarea), eta, zuhaitzen itzalari esker, beroa erreazago eramateko modua izaten da haietan. Barruko aterpeak, berriz, liburutegiak, kultur etxeak, museoak, kiroldegiak, merkatuak eta elizak berak dira. Barruko babeslekuetan, tenperatura 26 gradu baino gutxiago izatea gomendatzen da, eta eroso egoteko eta atseden hartzeko baliabide batzuk izatea (eserlekuak, komunak eta iturriak, adibidez). Aterpe horiek kartel bat daukate atean jarrita, erraz ezagutu ahal izateko; eta nornahi sar daiteke, batez ere adineko pertsona, haurra edo arnasketa-arazoren bat izanez gero.
Kanpoko babeslekuak parkeak, leku irekiak edo pasealekuak dira. Zuhaitzei esker, tenperaturak gradu batzuk behera egiten du horrelako lekuetan, eta oinez ibiltzeko alternatiba bat dira. Era berean, itzal gehiago edo baldintza termiko hobeak dituzten ibilbideak ere proposatzen dira, kalean ibili behar izanez gero.
2024/07/08-an argitaratua