- Gobernu Kontseiluak onespena eman dio 2,5 milioi euroko laguntzari, nekazaritzako elikagaien eta egurraren kateen digitalizazioa txertatu eta bultzatzeko, hauen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin eta, bestalde, 480.000 euroko laguntza bideratzea ere onartu du frutak eta barazkiak ekoizten dituzten eta asoziazionismoa bultzatzen duten erakundeentzako
- Bestalde, María Ubarretxena Gobernuaren Bozeramaileak nabarmendu duenez, ia 900.000 euroko laguntzak ere onartu dira gizarte-ekonomia eta emakumezkoen ekintzailetza sustatzeko
María Ubarretxena Gobernuaren Bozeramaileak Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoa eskaini du, bertan hartutako akordioen berri emateko helburuarekin. Bertan izan da, baita ere, Nöel d’Anjou Ogasun eta Finantzako Sailburua.
Horrela, Bozeramaileak nabarmendu du Gobernu Kontseiluak, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailak hala proposatuta, bi laguntza-lerro onartu dituela, ia 3 milioi eurokoak, lehen sektoreari laguntzeko. Zehazki, Euskadiko nekazaritzako elikagaien eta egurraren kateen digitalizazioa txertatu eta bultzatzeko laguntzen deialdiaren oinarriak onartu ditu, hauen lehiakortasuna hobetzeko. 2024-2025 urteetarako izango diren 2,5 milioi euroko laguntza hauek »eraginkortasuna areagotu, lehiakortasuna hobetu eta hazkunde jasangarria bultzatuko dute, lankidetza sustatuz», adierazi du Ubarretxenak.
Bestalde, onartu egin da 480.000 euro bideratzea frutak eta barazkiak ekoizten dituzten eta sektorean asoziazionismoa bultzatzen duten erakundeentzako laguntzetara gaur egungo merkatuaren eskariei aurre egin ahal izateko; izan ere, merkatu hori lehiakorragoa eta zorrotzagoa da kalitatearen arloan. Laguntza hauek Nekazaritza Politika Bateratuaren esparruaren baitan daude, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Politikaren Plan Estrategikoan islatzen direnak, eta FEAGA eta Eusko Jaurlaritzaren artean finantzatuko dira.
Halaber, Ekonomia, Lana eta Enplegu arloan, María Ubarretxenak nabarmendu du ia 900.000 euroko laguntzak onartu direla enpresa arloari zuzenduta. 685.800 eurotik gorako laguntza-agindu bat onartu du, Euskadiko enpresen eta erakundeen elkarte-egiturak sendotuz gizarte-ekonomia bultzatzeko. Era berean, onespena eman dio 175.000 euroko laguntza-deialdiari emakumeen ekintzailetza sustatzeko. Honek, Ubarretxenak azpimarratu duenez, »enpresa eta erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzea ahalbidetuko du». Laugarren urtez jarraian jarriko dira abian laguntza hauek eta 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategian jasotako helburaren barruan kokatzen da, hau da, lan-eremuan gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna lortzea.
GOBERNU KONTSEILUAK HARTUTAKO BESTE AKORIDO BATZUK
Bestalde, Bozeramaileak jakinarazi du 2024. urtean euskarazko eta gaztelaniazko literatura argitalpenetarako dirulaguntzak emateko deialdia onartu duela, urteko edizio-planaren eta euskarazko audioliburuen argitalpen-kostuen parte bat ordaintze aldera. 760.000 eurotik gorako aurrekontua duten laguntza hauen gainean Ubarretxenak adierazi duenez, »aurten, lehenengoz lagunduko dira euskara itzulitako best-sellerrak».
Gainera, Ogasun eta Finantzako sailak proposatuta, Euskadiko XIII. Legealdiko lehen aurrekontua izango denaren aurrekontu-ildoak onartu ditu Gobernu Kontseiluak. Modu horretan, Nöel d’Anjou Ogasun eta Finantzako Sailburuak ildo horien berri eman du prentsaurrekoaren baitan, honako hau azpimarratuz: »Euskal herritarren ongizatea eta hazkunde ekonomikoa bermatzera bideratuko da, ziurgabetasun globalak nagusi diren testuinguru batean’’. Zentzu horretan, aurrekontuaren ildo nagusi moduan nabarmendu duenez, »osasuna izango da aurtengo kontuen protagonista nagusia».
Azkenik, Gobernuko Bozeramaileak Gobernu Kontseiluan gai-zerrendatik kanpo onartu diren kargu-uzteen eta izendapenen berri eman du, eta jakinarazi du, halaber, Imanol Pradales Lehendakariak uztailaren 11tik aurrera alderdi politikoekin, sindikatuekin eta eragile sozioekonomikoekin egingo dituen bileren xehetasunen berri ere eman diela, Jaurlaritzaren kudeaketa-ildoak gidatuko dituen Gobernu Programa haiekin partekatzeko. Ildo nagusitzat «zerbitzu publikoen aldeko apustua» azpimarratu du Ubarretxenak.