Eusko Jaurlaritzak 480.000 euroko laguntza eman die fruta eta barazkiak ekoizten dituzten erakundeei, elkartegintza sustatzeko

0

Laguntzen Aginduak elkartegintza bultzatuko du sektorean, merkatu lehiakorrago eta zorrotzago batean

Eusko Jaurlaritzak, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bitartez, 480.000 euro bideratuko ditu, guztira, frutak eta barazkiak ekoizten dituzten eta sektorean asoziazionismoa bultzatzen duten erakundeentzako laguntzetara, gaur egungo merkatuaren eskariei aurre egin ahal izateko; izan ere, merkatu hori lehiakorragoa eta zorrotzagoa da kalitatearen arloan.

«Pertsona eta enpresa ekoizleek arrakasta izango dute elkartuz, eskaintza kontzentratuz, ekoizpena eta maiztasuna kontrolatuz, merkaturatze-kostuak murriztuz eta merkatuaren beharretara egokituz» nabarmendu du Amaia Barredo sailburuak.

Europako Batzordeak sektore horri laguntzea erabaki zuen, FEAGA funtsak eta Eusko Jaurlaritzaren funtsek batera finantzatzen duten urteko konkurrentzia-laguntza baten bidez. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredo´k fruta eta barazkien ekoizleen elkarteentzako 2024. urterako laguntzak ezartzen dituen agindu berrian, laguntza horiek Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) esparruan sartzen direla gogorarazten da.

2023tik 2027ra aplikatzen den Nekazaritza Politika Bateratu berria emaitza zehatzak lortzera bideratuta dago, hiru helburu orokorrekin lotuta: epe luzera elikagaien segurtasuna bermatuko duen nekazaritza-sektore adimendun, lehiakor, erresiliente eta dibertsifikatua sustatzea; ingurumenaren babesa, biodibertsitatea barne, eta klimaren aldeko ekintza babestea eta indartzea, eta Europar Batasunaren ingurumen- eta klima-helburuak lortzen laguntzea, besteak beste, Parisko Akordioari jarraiki hartutako konpromisoak; eta landa-eremuetako ehun sozioekonomikoa indartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoan, araudi berri hori guztia Nekazaritza Politikaren Plan Estrategikoan islatzen da. Laguntzen eskabideak aurkezteko epeak mugarik gabe ezarrita daude Europako Erkidegoko araudian eta maiatzaren 28ko 66/2024 Dekretuan. Laguntza horiek aurreko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024., 2025. eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan daude jasota (2023an onartu zen).

Laguntzen guztizko bolumena 

2024. urterako, Nekazaritza Politikako Plan Estrategikoan aurreikusitako laguntzek ezin izango dituzte zenbateko hauek gainditu: 240.000 euro NBEF´ren konturako laguntzan eta 360.000 euro Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako laguntzan.

Laguntzak jasotzeko, erregistro ofizial batean onartuta egon behar da, eta eskaera bakoitzerako programa operatibo bat aurkeztu beharko da. Programa horrek zazpi urte arteko iraupena izan dezake, nahiz eta laguntza urtero onartzen den. Programa horietan askotariko inbertsioak sar daitezke: berotegiak, ureztatze-instalazioak, biltegiratzeko edo sailkatzeko nabeak, bulegoak, prestakuntza-neurriak, sustapena, babes integratu edo ekologikoko ziurtagiriak, ingurumena eta ikerketa eta garapena.