Ibaetako zuhaiztia leheneratzeko eta euri-uren kalitatea hobetzeko proiektuak onartu dira

0

Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako beste gai batzuk: Euskara diru laguntzak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Donostiako Udalak Ibaetako haltzen zuhaiztia leheneratzeko eta Ibaetako aparkalekutik hezegunera iristen diren euri-uren kalitatea hobetzeko proiektuak onartu ditu.

Eneko Goia alkateak azaldu duenez, jarduera horiek «Udalaren Tokiko Ekintza Planaren barruan daude, eta bere ildo estrategikoetako bat da biodibertsitatea eta udalerriari eskaintzen dizkion zerbitzuak babestea, kontserbatzea eta partekatzea«.

Horrela, aipatutako proiektuen bidez, Osasun eta Ingurumen Zerbitzuak honako helburu hauek bilatzen ditu:

    • Alde batetik, Ibaetako haltzadian dauden espezie ez autoktonoak kentzea, haltzadi kantauriarreko espezieen zerrendan sartzen ez direnak, eta oihanpea leheneratzea.

    • Bestalde, hezeguneari dagokionez, aparkalekutik bertara iristen diren uren kalitatea hobetu nahi da, iragazketa-sistema baten bidez. Iragazketa naturan oinarritutako erantzunak erabiliz eraikiko da, eta fitogarbiketa-sistema edo iragazte-berde batera konektatuko da.

Obrak egiteko aurreikusitako epea 10 astekoa da, eta proiektuen aurrekontua 109.500€-koa Ibaetako haltzadia lehengoratzeko, eta 28.672€-koa Ibaetako aparkalekutik hezegunera iristen diren euri-uren kalitatea hobetzeko. Proiektu horiek Next Geneneration EU funtsen dirulaguntza dute.

Euskara dirulaguntzak

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Donostiako euskaltegi homologatuen xede berezietako taldeentzako dirulaguntzak emateko oinarriak, deialdiak, eta dirulaguntzetarako 100.150€ bideratzea onartu du.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren helburu nagusietako bat da euskararen erabilera indartzea, donostiarrei euskaraz bizitzeko baldintzak eskainiz, sentsibilizazioa bultzatuz eta euskara ez dakitenak euskalduntzera erakarriz.

Euskalduntze-alfabetatze arloari dagokionez, 2020-2024ko Donostiako Euskararen Plan Orokorraren helburua da euskalduntze-alfabetatze arruntera ikasleak erakartzeko ahaleginarekin batera, lehentasunezkoa izatea gizarte esparru guztietara zuzendutako ikastaro laburragoak sustatzea.

Donostiako Euskararen Plan Orokorreko helburuekin bat etorrita sortzen diren xede berezietako taldeak lagunduko dira diruz (ikasleek Donostian erroldatuta egon beharko dute edo, hala badagokio, Donostiako enpresa batean lan egin edo Donostiako ikastetxe batean ikasi):

    Langabeak
    a) 120 orduko ikastaroak izatea
    b) Ikasleek langabezian daudela ziurtatzea Lanbidek emandako agiria aurkeztuta
    c) Matrikula doan izango da

    • 16-18 urteko gazteak
    a) 60 orduko ikastaroak
    b) 16 eta 18 urte bitartean izatea edo hiriko ikastetxe batean ikasten aritzea
    c) Matrikula doan izango da

    Gurasoak, merkatariak, ostalariak, begiraleak, kirol-entrenatzaileak eta erretiratuak
    a) 60 orduko ikastaroak
    b) Matrikula prezioa 60 eurokoa izango da

    AISA ikastaroak
    a) 60 orduko ikastaroak
    b) HABEk AISA ikastaro gisa onartuak
    c) Matrikula doan izango da

HABEren Erregistroan izena emanda dauden Donostiako euskaltegi homologatuek eska ditzakete dirulaguntzak, eta ikasleen matrikularen prezioa finantzatzeko erabiliko dira.

2024/07/09-an argitaratua