Lete, Azkune eta Eneko Aguilar Bilbao Athleticera batu dira

0

CA Osasuna eta Realeko beheko mailetatik datoz Lezamara

Athletic Clubek Eneko Aguilar, Ekain Azkune eta Eñaut Lete jokalariak ekarri ditu Lezamara. Hirurak Bilbao Athleticekin entrenatzen hasiko dira bihartik aurrera, Endika Bujan (Barakaldo CF), Xabier Irurita (CD Tudelano), Javier Elias (Portugalete CF) eta Ander Izagirre (SD Eibar) aurretiaz iragarritako fitaxetekin batera.

Eneko Aguilar (2000, Berriozar), CA Osasunatik dator eta bere garaian CD Pamplona taldean trebatu zen. Bere bigarren taldearekin 36 partida jokatu ditu aurreko denboraldian, sei gol sartuz eta hiru asistentzia eskainiz, zelai erdiko eta ezker hegaleko posizioak txandakatuz. 73 partidako esperientzia du Primera Federacion mailan.

Ekain Azkune (2001, Errenteria) erasoko posizio guztietan mugitzen den aurrelaria da, eta Reala Bko golegile nagusia izan da denboraldi honetan: 12 gol 29 partidatan eta hiru asistentzia. 51 neurketa pilatu ditu Primera Federacion mailan eta azken Euskal Herria Kopako finalean lehen taldearekin jokatzera iritsi zen.

Azkune bezala Antiguoko KE taldetik pasa eta Bilbao Athleticen jokatuko duen beste futbolari bat Eñaut Lete (2004, Zarautz) da, iragan denboraldian Segunda Federacion mailan 28 norgehiagoka jokatu dituen erdilaria.