Garena Izatea: 2024/25 denboraldiko lehen ekipazioa

0

Denda fisikoetan zein online dendan jada salgai dago Athletic Cluben egoitza ofiziala den Ibaiganen inspiratutako denboraldi berriko kamiseta zuri-gorria

Castorek sortutako Athletic Cluben 2024/25 denboraldiko lehen ekipazioa dagoeneko online dendan eskuratu daiteke eta ostiraletik aurrera, denda fisikoetan ere.

Marcelo Bielsak 2011. urtean lehen aldiz Ibaigane Jauregia bisitatu zuenean ahoa bete hortz honako hau adierazi zuen: «Jauregi hau zuek zaretenaren metafora da eta!». Entrenatzaile zuri-gorriak, Bilboko hiriaren bihotzean, Isozaki Dorren eta beren 23 solairuen aurrean, hiru solairu eskaseko eraikin historiko eta noble batek bere nortasunari – Garena Izatea – tinko eta leial eusten dion modu erromantikoari buruz hitz egiten zuen.

Athletic Cluben egoitza ofizialak helarazten duen sendotasun ikonikoa jaso dute Castore taldeko sortzaileek, eta 2024/25 denboraldirako lehen ekipazioa diseinatu dute, bizi-filosofia oso bat sinbolizatzen duen arkitekturaren formak eta elementuak dituena.
Kamiseta berriaren koloreen ehunduran erreparatuz gero, jauregiaren fatxadan eta barrualdean dauden gurutze, karratu eta triangeluen arrastoa ezkutuan ikusten da. Klubak futbolaren munduan duen berezitasuna zehatz-mehatz islatzen duen eraikin bati egindako ordaina da.

Athleticek lurraldean sustraitzen ditu bere zutabeak, belaunaldiz belaunaldi transmititutako balioei eutsiz, baina unibertsaltasunari uko egin gabe. Era berean, Ibaigane jauregia euskal dorretxe tradizionalean oinarritzen da eta klasikoaren edertasuna erakusten du, baina, aldi berean, burdinazko eskeleto moderno, indartsu eta erresistentea du.

Zuri-gorrien marra ospetsuekin batera marraztutako diseinu abstraktuak artea estimatzen jakiteko begirada zorrotzaren garrantzia nabarmentzen du. Bai arkitekturan, bai eta futbolean.

Athletic Cluben egoitzari egindako omenaldiaz gain, kamiseta berriak beste berrikuntza aipagarri batzuk ere baditu diseinuan. Lepoaren atzealdeko ikurrin txiki eta tradizionala lehoiaren ikurrarekin batzen da: nortasuna eta izaera irudi bakar batean elkartuta.

Lepo biribilak zuria eta beltza konbinatzen ditu, eta galtzerdiek marra horizontal zuri-gorri finak dituzte goiko aldean.

Gorka Guruzeta, Iñaki Williams, Unai Simon, Dani Vivian, Nahikari eta Irene Oguiza dira ekipazio berri honen iragarpenean parte hartu duten protagonistak.

2024/25 entrenamenduetako arropa ere, salgai

2024/25 denboraldirako lehoien entrenamendurako arropa online eros daiteke gaurtik aurrera, eta ostiraletik aurrera egongo da salgai denda fisikoetan.