María Ubarretxena: «Haur eta Nerabeen Konferentzia Sektorialera akordiorako eta erantzunkidetasunerako borondatearekin joango gara, eta premiazko kontingentzia-plan bat onartzeko helburuarekin»

0
PRUEBA
  • Onda Vasca irratian egindako elkarrizketan Administrazio Digitala eta Autogobernuko Sailburu eta Gobernuaren Bozeramaileak ziurtatu duenez, bakarrik dauden adingabe migratzaileen banaketa «autonomia-erkidego guztiei dagokien gaia da, eta elkarrekin egin behar diogu aurre»
  • Eskumenen transferentziari buruz ere hitz egin du, eta azpimarratu du «Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa ukaezina» dela eta «funtsezko gaia» dela, eta «itsazertzearen kudeaketa epe laburrean gauzatu» behar dela

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko Sailburu eta Gobernuaren Bozeramaile María Ubarretxenari elkarrizketa egin diote gaur goizean Onda Vascako mikrofonoetan.

Mahaigaineratu zaion lehen gaiari dagokionez, hain zuzen ere inoren kargura ez dauden adingabe migratzaileak autonomia-erkidegoen artean banatzeko gaur egingo den Haur eta Nerabeen Konferentzia Sektorialaren gaia, Ubarretxenak azpimarratu du Euskadin hiru Foru Aldundiei dagokien gaia den arren, Eusko Jaurlaritzak ere bileran parte hartuko duela, «adostasunerako eta erantzunkidetasunezko borondatetik abiatuta», eta berretsi du mahai gainean jarriko duela «premiazko kontingentzia-plan bat, autonomia-erkidegoekin batera».

Ubarretxenak baieztatu du plan horrek argi utzi behar dituela irizpideak eta konponbidea eman behar diola «koiunturala izatetik egiturazkoa izatera igaro den egoerari, eta seriotasunez heldu behar diogu».

Hala, autonomia-erkidegoek gai horretan duten erantzukizuna ere aipatu du: «Guztiok jarri behar ditugu eskubideak eta betebeharrak mahai gainean, guztioi dagokigun gaia delako eta elkarrekin aurre egin behar diogulako».

Ubarretxenaren hitzetan, «gaur arratsaldean akordio bat lortzea espero dugu; borondate horrekin goaz», eta «Euskadik beti erakutsi du borondatea, beti izan gara errespetuzkoak giza eskubideekin, herri solidarioa gara», baina «epe luzerako lan-esparru serio bat» behar dela azpimarratu du.

Gobernuko Bozeramaileak, halaber, Foru Aldundiek adingabe horiei bizitza-proiektu bat eta ahalik eta ibilbide onena eskaintzeko zentroetan egiten duten lana goraipatu nahi izan du.

AUTOGOBERNUA ETA ESKUMENEN TRANSFERENTZIA

Bestalde, Sailburu eta Bozeramaileak ziurtatu du Eusko Jaurlaritza berriaren lehen asteak «lan nekeza» izaten ari direla, «seriotasunez, apaltasunez eta taldelanean egiten ari garena», eta legegintzaldiko erronka nagusitzat nabarmendu ditu osasun-sistema, autogobernua, erronka demografikoa eta trantsizio energetikoa hobetzea. Erronka horiek, Maria Ubarretxenaren hitzetan, «herritarrek jarri dituzkigute eta ahalik eta irtenbiderik onena ematen saiatu behar gara».

Horrela, autogobernuari dagokionez, Bozeramaileak azpimarratu duenez, «borondate politikoa, lana eta gogoa behar dira, eta, gure aldetik, hirurak egongo dira, eta espero dugu bi aldeetatik borondate bera egotea».

Azkenik, transferitzeke dauden eskumenei buruz galdetuta, Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernuko Sailburuak ziurtatu duenez «transferentzia batzuk, itsasertzearen kudeaketarena adibidez, epe laburrean gauzatu ahal izango da». Hala ere, aldebiko batzordea egituratzea premiazkoa dela azpimarratu du, «negoziaketa hauek behar duten abiadura emateko, gai horiei heltzeko moduari buruzko kronograma bat ezartzeko eta, horrela, Gernikako Estatutua osatzeko».

Hala, aipatu du Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoaren garrantzia, «ukaezina eta funtsezko gaia» dela, eta gaineratu duenez «zailagoa den arren eta ibilbide luzeagoa behar duen arren, hasiera-hasieratik egingo dugu lan horretan».