Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Jakes Aguirrezabal izendatuko du sailburuorde eta Tontxu Rodríguez Kontsumobideko zuzendari

0
urku
PRUEBA
  • Clara Navas batuko zaie, Turismo eta Ostalaritzako zuzendari gisa, eta Basquetourren zuzendari-karguan jarraituko du Daniel Solanak.
  • Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lantalde berria bai arlo pribatuan bai kudeaketa publikoan erakunde guztietan, Espainiako Gobernutik hasi eta udal-mailan, esperientzia aitortua duten profesionalekin osatuko da.

 

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak datorren astearteko, hilaren 16ko, Gobernu Kontseilura eramango ditu Sailaren lantalde berriko hainbat izendapen. Turismo eta Merkataritzako sailburuorde lanetan Jakes Aguirrezabal izango du, Zuzenbidean lizentziaduna dena eta Marketin Zuzendaritzako Masterra duena. Langileen eta taldeen kudeaketa izan da koordinatu behar izan duen zeregin nagusietako bat; izan ere, hainbat aholkularitzatan jarduteaz gainera azken urteotan Diario Vasco egunkariko zuzendari komertzial gisa jardun du, dibertsifikazio organikoko estrategiak eta konpainiaren publizitate-digitalizazioa garatuz, eta taldeak, antolaketa eta prozesuak helburu horietara egokituz.

Kudeaketa publikoan esperientzia izan zuen IX. Legegintzaldian, Patxi López lehendakaria zela. Bertan Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko enpresak (Itsasmendikoi, IKT, Kalitatea Fundazioa eta Basque Food) Hazi Fundazioan elkartzea sustatzearen eta gauzatzearen arduraduna izan zen, Sailaren plan estrategikoaren barruan.  

Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria Clara Navas izango da, Historian eta Enpresa Administrazioan, Marketinean lizentziaduna, eta
turismo irisgarrian eta turismo-harrerako sistemetan prestakuntza duena.
Clara Navasek Gasteizko Udalaren Turismo Atalean garatu du bere ibilbide profesionala 30 urtean baino gehiagoan, eta aurretik turismo-sektorean esperientzia zuen turismo-gidari, interprete eta aretoko arduradun gisa.

Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria Tontxu Rodríguez, 2021-2023an Justiziako estatu-idazkaria eta 2010etik 2021era bitartean senatari autonomikoa izan zena izango da. Zuzenbidean lizentziaduna da, eta abokatu-lanetan aritu zen kudeaketa publikoan aritu aurretik. Ia esparru guztietan aritu da, Espainiako Gobernutik hasi eta baita udal-mailan ere, Barakaldoko zinegotzi lehena eta alkatea izan baitzen 10 urtez, eta Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Udalerrien Mankomunitateko presidentea eta EUDELen lehendakariordea. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundian Azpiegituretako zuzendari nagusia izan da, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako ahalordeduna.  Bizkaiko Garraio Partzuergoaren presidentea ere izan zen.

Daniel Solanak Basquetourren zuzendari izaten jarraituko du. Kargu horretan egon zen aurreko legegintzaldian, Arabako Foru Aldundiaren mende dagoen Gatz Harana Fundazioaren zuzendari gerentea izan ondoren. Geografia eta Historian lizentziaduna da, eta Marketin Zuzendaritzan Masterra eta PAG Goi-mailako zuzendaritza kudeaketan. Kontsultore estrategikoa izan da eta merkataritza- eta marketin-zuzendaritzan aritu da hainbat enpresatan eta Eusko Jaurlaritzan, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aholkularia izan zen 2019-2012 aldian.

Bestalde, orain arte sailburuordea izan den Jesus García de Cosek Sailean jarraituko du, Europako Funtsen eta Arau Garapenaren koordinatzaile gisa.  Zuzenbidean lizentziaduna da, aholkulari juridiko gisa jardun du eta udal-kudeaketan esperientzia du Barakaldoko Udalean. Aurreko legegintzaldian Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailetik kudeatutako Europako Funtsen, helmugako turismo-jasangarritasuneko planen, Lehentasunez Jarduteko Eremuetako proiektuen eta Turismo eta Merkataritzako laguntza-programen inplementazioaren kontrolaz eta legegintza-garapeneko aholkularitza juridikoaz arduratu zen.

Izendapen hauekin, udal, foru-aldundi eta autonomia-erkidego mailako kudeaketaren ikuspegia eta esperientzia bateratzen dira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila eratzeko. “Sailean erakundeen arteko lankidetza, sektorearekin aliantzak eta politika aurrerakoien, eraldatzaileen eta kontsumitzaileen eskubideak indartuko dituztenen ezarpena sustatzen jarraituko dugu, Euskadiko enpleguaren % 25 hartzen duten sektoreetarako”, azaldu du sailburuak.