Alberto Martínez: «Euskal Osasun Zerbitzua hobetzen jarraituko dugu, akordio eta elkarrizketa gehiagorekin»

0
  • Osasun sailburuak adierazi du Bizkaian bihotzeko kirurgiarako lortutako akordioak segurtasun eta kalitate handiagoa ematen diola pazienteari
  • Bihotz Kirurgiako bi zerbitzu bakar batean —bi egoitzekin, Basurtun eta Gurutzetan— bateratzeak, gaur egun bakoitzak bere aldetik egiten dituen jardunbide egokiak eta bikaintasuna bateratuko dituen zerbitzu indartsu, kaudimendun eta gaitua izateko beharrari erantzuten dio
  • Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak aurkeztutako akordioaren ondoren, Basurtuko kardiologoek atzera egin dute Epaitegian jarritako demandetan

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila pozik agertu da gaur Bizkaian Bihotz Kirurgiako zerbitzu bakarra —zerbitzu horrek bi egoitza izango ditu— Osakidetzako Basurtuko eta Gurutzetako unibertsitate-ospitaleetan sortzeko lortutako akordioarekin. Alberto Martinez sailburuak azpimarratu du prest dagoela akordio gehiago lortzen jarraitzeko eta euskal osasun zerbitzua hobetzen jarraitzeko ikuspegi partekatu batekin aurrera egiteko. «Akordio honek, posible dela ez ezik, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, etorkizunari bermez heltzeko, zaintzen gaituztenak zaintzeko eta gure osasun-sistema publikoaz harro egoten jarraitzeko biderik onena dela erakusten du», adierazi du.

Funtsean, albiste bikaina da herritarrentzat; izan ere, zerbitzu bakarra ezartzeak aukera emango du asistentzia integratu are hobea eskaintzeko, pazienteari lotutako kalitateari eta segurtasunari dagokienez, bi zentroen ezagutza eta praktika onenak bi egoitza izango dituen kudeaketa klinikoko unitate bakar batean biltzen baitira, Osasun Sailaren ildo estrategikoetan jasotzen den bezala, egiaztatutako ebidentzia kliniko eta zientifikoaren arabera.

Osasuneko sailburu Alberto Martinezen iritziz, Bihotz Kirurgiako bi zerbitzu bakar batean —bi egoitzekin, Basurtun eta Gurutzetan— bateratzeak, ‘gaur egun bakoitzak bere aldetik egiten dituen jardunbide egokiak eta bikaintasuna bateratuko dituen zerbitzu indartsu, kaudimendun eta gaitua izateko beharrari erantzuten dio’.

Erakunde koordinatzaile berri honek erabakiko du —irizpide bateratuak erabilita, itxarote-zerrenda kirurgiko bakarrarekin eta patologiaren arabera— pazientea non tratatuko duten, kasu bakoitzean biziraupenari eta bizi-kalitateari buruzko emaitzarik onenak lortzeko azken helburuarekin, bai egungo prestazioei dagokienez, bai gehitu beharreko teknikarik konplexuenei dagokienez. Martínez sailburuak adierazi duenez, azken helburua da «zerbitzu bikaina lortzea, Bihotzeko Kirurgiako ebakuntza behar duten pazienteentzat ahalik eta emaitzarik onenak bermatuko dituena, bai egungo zerbitzuen zorrorako, bai gaitasun handiko zerbitzu batek garatu beharreko teknika konplexuagotarako».

Gainera, Osasuneko sailburu Alberto Martínezek berak eskerrak eman nahi izan dizkie publikoki Gurutzetako eta Basurtuko unibertsitate-ospitaleetako Kardiologiako eta Bihotz Kirurgiako profesionalei, berak aurkeztutako adostasun-proposamenari egindako harreragatik. Proposamen horrek, aldeen borondateari esker, aurreko eskaerak desaktibatzen ditu eta eskaera horiek orain akordio honetan gauzatzen dira. Izan ere, akordio hori onuragarria da herritarrentzat, argi eta garbi.

«Profesionalei entzutea da nire lehentasunetako bat itunak eta akordioak lortzeko, eta era horretan, gure osasun-sistema publikoa indartzeko eta, ondorioz, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko eta pazienteentzako berme handiena lortzeko».