Djaló: «Etxera itzultzeko ametsa bete dut»

0

Aurrelari zuri-gorriak eta Andoni Gorosabelek, Athletic Clubeko fitxaketa berri gisa elkarrekin aurkeztuak, «oso zoriontsu» daudela onartu dute, urte «ilusionagarri» batean Klubera etortzeagatik

Alvaro Djaló eta Andoni Gorosabel zurigorriak dira ofizialki. Bi fitxaketak batera aurkeztu dira komunikabideen aurrean eta San Mameseko Jose Iragorri prentsa aretoan agertu dira, Jon Uriarte presidentearekin eta Mikel Gonzalez Futbol zuzendariarekin batera, ilusioz beteriko denboraldi bati aurre egiteko gogoz.

Joan den denboraldian Txapeldunen Liga jokatu zuen Bragako Sportingetik dator Djalo, eta umetan ezarritako helburuetako bat betetzen ari dela aitortu du: «Oso pozik nago etxera itzuli ahal izateagatik. Beti izan da amets bat, txikitatik, baita nire familia eta lagunentzat ere. Hemen egotea da eman niezaiekeen ilusiorik handiena, eta oso pozik nago horregatik».

Aurrelari berria apustu sendoa da Portugalen urte zoragarri bat burutu ondoren: «Egunero ikasteko gogo handiarekin nator eta nire kirol-ibilbideko unerik onenean nagoela uste dut. Erronkei serio eta lan handiz egingo diegu aurre. Horrela, gero, gauzak modu naturalean aterako dira berdegunean».

Gorosabelen kasuan, Athleticen jokatuko du Alavesen denboraldi bikaina egin ondoren, babazorroen atzealdean protagonismo handia izanda: «Klub handi batera nator, Kopa irabaztetik eta Europa jokatzera datorren klub batera, dena hartu dut kontuan. Oso pozik nago hemen egoteaz. Ilusioa, konpromisoa eta lehiakortasuna eskaintzera nator urte polit honetan, lau txapelketekin. Guztiaren bila joango gara».