- Emakunderen beka jaso duen lanak eduki digitalak aztertzen ditu, eta emakumeen aurkako indarkeriarekin lotzen ditu diskurtso matxista, misogino eta atzerakoiak
- Lanaren arabera, Euskadi ez dago joera horretatik salbu
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak «Erresistentzia antifeministak» azterlana aurkeztu du gaur, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko ikerketa-lanei ematen dien bekaren bitartez lagundutako lana. Deustuko Unibertsitateko ikertzaile Miren Gutierrezek koordinatu du lan hau, eta honen sorkuntzan Garazi Azanza, Miren Berasategi, Xabier Landabidea, Asier Leoz, Irene Pérez-Tirado, María Pilar Rodríguez, Lorena Ronda eta Cristina Ubani ikertzaileek parte hartu dute.
Ikerketak zenbait eduki digital aztertu ditu berdintasunaren arloko aurrerapen feministen aurkako erreakzioak azaltzeko, ulertzeko eta arintzeko modua aurkitzeko. Horrela, lanean gai honen garrantzia azpimarratzen da, ikerketan irakurri daitekeenez, “frogatuta baitago lotura dagoela diskurtso matxista, misogino eta atzerakoien eta emakumeen kontrako indarkeriaren artean”.
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak joera orokor eta kezkagarri hori nabarmendu du eta esan du aurrera pausoei erantzuna direla: «Erresistentzia antifeministak behin eta berriz agertzen dira berdintasuneranzko aurrerabidearen zantzuak sortzen direnean, genero-ikuspegiak politiketan eta praktika sozialean txertatzea oztopatzeko helburuaz”. Emakundeko zuzendariaren hitzetan, «nahiz eta etorkizun berdinzaleago baterantz aurrera egin, eraldaketa digitalaren egungo joerek ez dute laguntzen genero-berdintasuna, emakumeen eskubideak eta haien ahalduntzea lortzen; eragin handiko korronte bat dago, batez ere gizon gazteei eragiten diena, maskulinitate hegemonikoa nabarmentzen duena, gizonak biktimizatzen dituena, berdintasunaren eta feminismoaren diskurtsoen aurrean jarrera defentsiboan jartzen dituena».
Ikerketak defenditzen du estrategia antifeministak globalak direla eta eremu guztietan gertatzen direla eta nabarmentzen du Euskadi ez dela erresistentzia antifeministetatik kanpo geratzen.
Argitalpenean zehar, ikerketa-taldeak eduki digitalak, komunikabideenak, plataformenak eta sare sozialenak aztertzen ditu, berdintasunerako aurrerapenen aurkako erreakzioak oraindik ere badirela ondorioztatzeko. Hala, diskurtsoetan antzematen dira aurrez aurreko erasoak, biktimak errudun bihurtzen dituztenak eta berdintasun ezaren existentzia ukatzeko ahalegina. Berdintasuna defendatzen duten erakundeen, politiken, ideien eta pertsonen aurkako jarrera dute ezaugarri nagusi. Hauek azterlanaren ondorio batzuk:
- Nonahiko presentzia: Erresistentzia antifeministak aztertutako eduki eta arlo guztietan agertzen dira eta, besteak beste, hauek antzeman dira:
- feminismoaren aurkako erasoak, gehiegizkoa, biktimista, erradikala, atzeratua eta baztertzailea dela esanez;
- hizkuntza inklusiboaren kritika eta hau barregarri uztea;
- Martxoak 8ko mugimenduaren gaitzespena eta gizonen aurkako mobilizazioa dela esatea;
- edota #MeToo mugimenduko ordezkarien gaitzespena.
- Prebalentzia euskal gizartean: Berdintasunezko komunitatearen pertzepzioa izan arren, ikerketak nabarmentzen du Euskadi ez dagoela erresistentzia antifeministetatik salbu.
- Erresistentzia antifeministak sotilak edo bortitzak izan daitezke. Arlo ezberdinetako emakumeei podcast baten eginiko elkarrizketak aztertuta, denetan aipatu izan dira mota guztietako erresistentziak.
- Aurrerapenak eta erronkak: Berdintasunaren aldeko borrokan aurrerapauso asko identifikatu diren arren, erresistentzia antifeministek erronka esanguratsua izaten jarraitzen dute, bereziki plataforma digitaletako testuinguruan politikariek, aktibistek eta kazetariek jasaten dituzten eraso pertsonalak kontuan izanda.
Honekin batera, erresistentzia antifeministen aurka borrokatzeko gidak, podcastak, kongresuak, hitzaldiak eta hainbat baliabide inspiratzaile biltzen dira.