Melgosak Auzolandegiak inauguratu ditu Pobeseko gazte boluntarioen kanpusa bisitatuta

0

Eusko Jaurlaritzako Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoko  sailburu Nerea Melgosak, Gazteriako zuzendari Miren Saratxagarekin eta Erriberagoitiako alkate Javier Gallegorekin batera, gaur goizean, Gazteria Zuzendaritzak uda honetan martxan jarritako Auzolandegietako bat bisitatu du Pobesen (Erriberagoitia). Melgosak honela, gazte boluntarioen kanpusen denboraldi berri bati hasiera eman dio.

Pobesen, 14 gaztez osatutako talde bat, hilaren 1etik Erriberagoitiako gazte boluntarioen kanpusean parte hartzen ari da. Bertan, uda garaiko lehortea aprobetxatuz, gazteek Baia ibaiaren ibilgua garbitzeko lanak egiten ari dira. Horretarako, partehartzaileak udalerrian izango dira hilaren 15era arte, Udaletxeko beheko solairuan gaua pasata.

Uda honetan Euskadin, tankera honetako 12 proiektu burutuko dira guztira. Auzolandegi hauetan, leku desberdinetatik etorritako gazteek, boluntarioki eta inolako interesik gabe, jarduera osagarriak dituzten, proiekzio sozialeko lan proiektu bat garatzeko konpromisoa hartzen dute. Proiektuaren garatzea berez, elkarbizitza, tolerantzia, solidaritatea, parte-hartzea edo kulturarteko ikasketa bezalako balioak sustatzeko aukera luzatzen die.

Gazteria Zuzendaritzak antolatzen dituen Euskadiko auzolandegiek, beste autonomia-erkidego batzuetako eta atzerriko gazteak ere hartzen ditu. Halaber, Euskadiko gazteei Estatuko gainerako erkidegoetako eta atzerriko auzolandegietan plazak eskaintzen dizkie.