Mugikortasun Jasangarriko Saila Topoaren saihesbidearen etorkizuneko Erdialdea-Kontxa geltokiaren hondeaketa-lanak amaitzen ari da

0
  • Susana García Chueca sailburuak obretara egindako lehen bisitan adierazi duenez azpiegitura hori “estrategikoa da Gipuzkoako mugikortasunaren etorkizunerako”

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bidez, irailaren lehen hamabostaldian amaituko ditu Topoaren trenbide-saihesbidearen Mirakontxa-Easo tarteko Erdialdea-Kontxa geltokia egiteko lanak. Une horretatik aurrera, iragazgaizte-lanei eta hormigoizko estaldurari ekingo zaie, terminal-egituraketa hartzen has dadin. Bentaberriko geltokia amaituta dago eta Easoko geltokiaren obra zibila hilabete honetan amaituko da, mezzaninetan edo sarrerako atondoan baldosak jarrita.

Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriko Sail berriko kontseilariak laneko lehenbiziko bilera egin du gaur goizean Eneko Goia Donostiako alkatearekin, Pio Barojako obra-etxoletan, Topoaren trenbide-saihesbidearen obren garapenari buruzko puntuak jorratzeko. Proiektu estrategikoa da Gipuzkoako hiriburuaren mugikortasunaren etorkizunerako, eta bertatik bertara ezagutu nahi izan du sailburu gisa egin duen lehen bisita publikoan. Ondoren, erakundeetako bi arduradunak, Pedro Marco Azpiegitura eta Garraio sailburuordearekin eta udaleko eta ETSko ordezkariekin batera, Erdialdea-Kontxako haitzulora jaitsi dira. Aurreikuspenen arabera, Topoaren geltoki hori izango da zerbitzua ematen hasi ondoren bidaiari gehien hartuko dituena.

Lan horretan, gaur egun, bi lugorritze-makina ari dira lanean, Pio Barojako eta Morlanseko fronteetan. ETSko obra-zuzendariak tokian bertan azaldu du geltoki horretako sarbide-kanoien egoera. Xabier Zubirikoan hilabete honetan bertan amaituko da hormigoizko estaldura. Loiolako kanoian laster hasiko dira hormigoiz estaltzeko lanak, eta urte honen amaierarako amaituko dira. San Bartolomeko sarbidean hilabete honetan abiatuko dira zoladura hormigoiztatzeko lanak, eta dena prest utziko da Udalak izen bera duen muinoa hirigintzaren ikuspegitik zehazten duenean gauzatzeko.

Kanpoko obrei dagokienez, raise-boring (barrenetik kanpoalderako hondeaketa bertikala) metodoarekin hondeatzea aurreikusita zeuden 6 putzuetatik 4 hondeatu dira jadanik. Zaragoza Plazan aurreikusitako larrialdiko aireztapeneko bi putzuetatik bat hondeatu gabe dago oraindik, eta bestea estaltzeko lanak egiten ari dira . San Bartolome kaleko larrialdiko aireztapenei dagokienez, estaldura datorren abuztuan amaituko da, eta, beraz, dauden bi erreietako bat ibilgailuentzat ireki ahal izango da –gaur egun, Easo eta Urbieta kaleen arteko tartea itxita dago hondeaketa-lanak egin ahal izateko–. Hilabete honetan bertan, Easo kaletik Erdialdea-Kontxa geltokira doan igogailuaren edikulua ere jarriko da. Kale hori eta San Bartolome urbanizatzeko obrak hilabete honetan bertan aterako dira lizitaziora.

Susana García Chuecak, Saileko arduradun gisa Topoaren obretara egindako lehen bisitan, Gipuzkoako mugikortasunaren etorkizunerako estrategikoa den proiektuaren garrantzia azpimarratu du. Adierazi duenez “urte batzuk barru inork ez du hiri hau Toporik gabe imajinatuko. Garraio publiko horrek mugikortasun irisgarri, moderno eta unibertsala emango dio hiriari, eta, gainera, lur gainean espazioa libre utziko du, Amara auzoari eta Donostiari etxebizitza, zuzkidura-espazio eta aisialdirako espazio gehiago emateko, eta horrek bertako herritarren bizi-kalitatea hobetuko du”.

Topoaren lurpeko saihesbidearen trazadura 4,2 kilometroko da luze, bi tartetan banatuta: obra zibila 2022ko ekainean amaitu zen Lugaritz-Mirakontxa eta Mirakontxa-Easo.