D´Anjou sailburuak Eusko Jaurlaritzak finantza-klusterraren aldeko apustu irmoa nabarmendu du, BasqueFIK klusterraren Batzar Orokorrean

0

BasqueFIK Euskadiko Finantza eta Inbertsio Klusterrak gaur egin du, Bilbon, lehen  Batzar Orokorra, eta bertan enpresa-hazkundearen palanka gisa aldarrikatu du sektorea. Noel D’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak itxi duen topaketan, BasqueFIK klusterrak datozen urteetarako dituen helburuak, jarduketa-ildoak eta bide-orria ezagutarazi ditu. Bazkideen batzarrak, halaber, Zuzendaritza Batzordeko kideak berretsi ditu. BasqueFIK klusterrak dagoeneko 50 erakunde elkartu baino gehiago ditu eratu eta lau hilabetetara.

Noël D ‘Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak finantza-klusterrak martxoan hasitako ibilbidearen garrantzia nabarmendu du; “helburuak partekatzen ditugu, ilusioa partekatzen dugu eta finantza-enpresen eta enpresa inbertitzaileen lehiakortasuna, presentzia eta aniztasuna indartzeko estrategiak partekatzen ditugu; gainera, Euskadiko enpresa-ehunaren beharrekin konektatzen dugu, erabaki-guneei eta sustraitzeari eusteko”. Gogorarazi du kluster horren ernamuina Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak eta Ogasun eta Finantza Sailak bultzatu dutela hasiera-hasieratik ekimen honen aldeko apustua egin zuten eragile pribatuekin batera, “eta hemendik zorionak eman nahi dizkizuet kabineteko nire lankide Mikel Jauregiren izenean”.

D’Anjouk aintzat hartu ditu testuinguru ekonomiko konplexuaren ondorioz enpresa-munduak dituen zailtasunak, eta, jakinarazi duenez, “etengabeko aldaketa-testuinguru batean panorama ekonomikoa birdefinitzen duten erronkei eta aukerei aurre egin behar zaie. Digitalizazioari, ingurumenari, erregulazioei edo bilakaera demografikoari, besteak beste. Seguru nago euskal finantza- eta inbertsio-ekosistema bultzatzeko gai izango garela, enpresa- eta industria-sarearen lehiakortasun jasangarrirako bide berriak aurkitze aldera”.

BasqueFIK klusterraren Batzar Orokorraren itxiera-ekitaldi honetan, Ogasun eta Finantzetako sailburuak berretsi du Eusko Jaurlaritzak kluster honen aldeko apustu irmoa egingo duela, “lehiakortasuna hobetzea eta finantza- eta inbertsio-sektorearen garrantzia nabarmentzea ongizatearen eta aurrerapenaren sinonimo baitira”. Itxiera ekitaldiko argudioaren haria izan den mezua errepikatu du: “Helburuak partekatzen ditugu, ilusioa partekatzen dugu eta estrategiak eta baterako lana partekatuko ditugu”.