‘FOS Detection’ proiektuak lehen saria lortu du ‘Think Big 2024’ sarietan

0
PRUEBA

‘FOS Detection’ tresnak ‘Think Big 2024’ lehiaketako lehen saria irabazi du. Proiektuaren sustatzaileak Lucero Hernández, Elektronika eta Telekomunikazioetako Doktoregoko ikaslea eta Joel Villatoro, Fisikako doktorea eta zuntz optikoko sentsoreetan espezializatutako UPV/EHUko irakaslea dira. «Zehaztasun eta sentsibilitate handiko biomolekulak detektatzeko diseinatutako sistema da, eta irtenbide berritzailea eskaintzen du eremu biomedikorako», azaldu du Lucero Hernandezek. Horrek, gaur goizean, Joel Villatoro bazkidearekin batera, lehen sariaren 2.500 € jaso ditu.

«FOS Detection-ek analisi biomediko zehatzak eta azkarrak egiteko beharra konpontzen du, eta arazo komunei irtenbidea ematen die, hala nola lagin-kantitate handien beharra, laborategiko materialen kostu handiak eta eskuzko prozesu aspergarriak. Era berean, makina diseinuaren eta prototipatzearen fasean dago. Aurreko faseek teknologiaren bideragarritasuna erakutsi digu, eta laborategiko ingurune kontrolatuetan aurretiazko probak egitea ahalbidetu digu», argitu du Hernandezek.

Bigarren saria ‘Bioinnovative Solutions S.L.’ proiektuarentzat izan da. Proiektu horrek mikroalga gorrien bidez abereak elikatzeko gehigarri bat garatuko du, metano-isuriak % 70-90 murriztea eta azken produktuen (haragia eta esnea) kalitatea hobetzea lortuko duena.

Halaber, hirugarren sariak ‘Hasi’ eta ‘Cobbler Materials’ proiektuentzat izan dira. ‘Hasi’ ko taldeak eraikuntzaren iraunkortasun integrala aztertzeko tresna bat aurkeztu du, eraikuntza-obren zirkulartasun-maila modu errazean neurtzeko aukera emango duena. Bestalde, ‘Cobbler Materials’ proiektua polimeroen esplorazioan eta manipulazioan oinarritzen da, material geokonposite bat lortzeko helburuarekin; eta hori da berrikuntza eta garapen gune nagusia.

Accesit sariak

Era berean, 300 euroko hiru accesit banatu zaizkie ‘MyTween S.L’, ‘NanoWonder’, ‘AriKinesis’ proiektuei. ZITEKek antolatu du lehiaketa, eta epaimahaia UPV/EHUko, BEAZeko (Bizkaian ekonomia sustatzeko eta berrikuntza sustatzeko sozietate publikoa) eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek osatu dute.