- Adikzioa genero-rolek markatutako portaerei lotutako egoera konplexuen bigarren mailako efektua da kasu askotan
- Emakumeek zailago dute laguntza eskatzea estigma soziala eta lotsagatik
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak Deustuko Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultateko Psikologia Saileko Ana Estevez Gutierrez buru duen ikerketa-taldeak egindako «Substantziadun eta portaerazko adikzioen ebaluazioa genero-ikuspegitik» azterlana aurkeztu du. Laura Macia, Milena Lopez, Itziar Gandarias, Paula Jauregui eta Janire Momeñe dira ikerketa-taldeko kideak. Azterlan hau Emakundek emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerketa-lanei ematen dien bekaren emaitza da, eta helburua du emakumeen adikzioak ikusaraztea, bai substantziekin lotutakoak, bai jokabideekin lotutakoak, eta hauen tratamenduan genero-ikuspegia txertatzeko beharra erakustea.
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak ikerketaren garrantzia azpimarratu du eta «genero-ondoezak» aipatu ditu kasu askotan emakumeen mendekotasun-portaerak sortzeko faktore bezala. Ikerketan, adibidez, emakumeek zaintzaren banaketa desorekatuak eragindako bakardade-sentimendua, depresio-egoerak eta estresa aipatzen dira ondoezen artean.
Txostenaren egileen arabera, mendekotasunaren gizarte-estigmatizazioak, mendekotasuna duen emakumearekiko aurreiritziak edo sexuaren araberako adikzioen uste faltsuek azaltzen dute genero-ikuspegia berandu sartu dela psikologiaren eremu horretan. Azterlanak nabarmentzen duenez, substantziekiko adikzioetan pixkanaka txertatzen joan da genero-ikuspegia, batez ere alkoholaren kontsumoan, baina jokabide-adikzioetan – besteak beste, zoriozko jokoak, bideojokoak, erosketa konpultsiboa eta abar – genero-ikuspegia oraindik sartu berria da.
Orain arte jokabide-adikzioei eman zaien ikuspegiak genero-ikuspegia kontuan hartzen duen argitzeko, txostenak bi ikerketa paralelo eta osagarri ditu. Alde batetik, Delphi metodologiaren bidez, adituen panel baten partehartzeaz, portaera-adikziozko jokabideak dituzten emakumeak ebaluatzeko erabili beharreko tresnak edo itemak zehaztu dira.
Bigarren ikerketa adikzioak dituzten emakumeen azterketa kualitatibo batean oinarritzen da, zeinean egin diren elkarrizketak eta eztabaida taldeak. Ondorioek agerian uzten dute emakume horien mendekotasuna genero-rolek markatutako portaerei lotutako egoera konplexuen bigarren mailako ondorioa dela, hala nola zainketen kargaren ondorio. Gainera, estigma sozialak eta lotsak geldiarazi egiten ditu emakumeak laguntza eskatzera.
Bi azterlanetan frogatzen den bezala, ikertzaile-taldeak ondorioztatzen du genero-ikuspegia eta emakumearen begirada sartzea beharrezkoa dela jokabide-adikzioetan. Eta, zehazki, metodologia, esku-hartzeak, tratamenduak eta emakumeentzako prebentzio-programak sortzeko edo egokitzeko beharra azpimarratzen da. Egileek erakundeei eskatzen diete emakumeen esperientziak kontuan hartzeko eta emakumeak entzuteko haien sentitzen duten estigma eta lotsa soziala desagerrarazteko.