#SOCIALFACTORY, Gizarte-ekonomiaren eta helburudun enpresen inkubagailua

0
SOCIAL FACTORY

Nahiz eta gizarte-ekonomiak eta kooperatibismoak historia luzea duten Euskadin eta munduan, egia esan, kooperatibismoaren ereduak eta potentzialtasunak ikusgaitasun txikia dute herritarren artean, oro har, eta gazteen artean, bereziki. Horrek guztiak zaildu egiten du talentu gaztea erakartzea eta belaunaldi-erreleboa bermatzea. Gainera, gizarte-ekonomiako ekintzailetzarako prestakuntza-prozesu integratuak falta dira unibertsitate-inguruneetan. Horregatik, Mondragon Team Academyk (MTAk) #SocialFactory programa sortu du, Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatutako programa. Esan beharra dago MTA gizarte-ekonomiako hiru enpresa inkubatzen ari dela dagoeneko, Mondragon Unibertsitateko LEINN graduaren bidez.

Mondragon Unibertsitatearen Enpresagintza Fakultatearen eta Mondragon Team Academyren, taldean ekiten duten gazte-komunitatearen, ikuspegitik, kolektibo horrek oztopo gehiago ditu ekiteko, hala nola ezagutzarik, esperientziarik edo baliabiderik eza. Halere, aldaketarekin konprometituta daude, eta hauek behar dituzte soilik: negozioaren aurreneko faseetarako orientazioa, ikaskuntza-komunitate bat, ideia bideragarrien bilaketan gidatuak izatea, eta gizarte-problematika, interes-taldeak eta merkatu-logika hobeto ezagutzea.

Hain zuzen ere, bere komunitatean gizarte-ekonomia sustatzeko konpromisoa du MTA sareak. 15 urte hauetan, MTA komunitatean 200 Junior Enpresa Elkarte baino gehiago sortu dira ikaskuntzarako, ia 2.500 LEINNer trebatu dira, 70 enpresa baino gehiago eratu dira (horietatik 25 (% 35) gizarte-ekonomiakoak) eta 400 lanpostu zuzen sortu dira. Asmoa da eragin handiagoa izatea eta 600 pertsonaraino heltzea, helburudun eta gizarte-ekonomiako 50 enpresa sortzeko.

Talentua etapa goiztiarretan erakartzea

Europako Gizarte Funtsa Plus erakundeak, bere Enpleguko, Prestakuntzako, Hezkuntzako eta Gizarte Ekonomiako Programaren (EFESOren) barruan, #SocialFactory proiektua aukeratu du 2023-2029 aldian martxan jartzekoen artean. Hauxe da proiektuaren helburua: ekintzailetza-ibilbide integral bat sortzea, talentua eta ideiak etapa goiztiarretan erakartzera bideratua, lurraldearen benetako behar eta erronkei irtenbidea emateko unibertsitatetik, beste kolektibo batzuekin loturak sortuz, hala nola langabeekin edo lanbide-prestakuntza eguneratzea bilatzen dutenekin.

#SocialFactory programaren jarduketen artean sartzen dira gizarte-ekonomiaren parte izan nahi duten negozioak prestatzea, inkubatzea, laguntzea eta mentorizatzea, eta enpresa berrien jasangarritasuna bermatzeko aliantzak hedatzea eta sortzea. MTAren balioetan oinarritzen da, eta DNA oso argia du: talde-lana, eragin positiboa, berrikuntza eta teknologia, balio-sortzaile gisa, eta begirada globala, unibertsitate-ekosistema ekintzaile kooperatibo baten barruan.

Programa disruptiboak

Mondragon Team Academyk pertsonen eta ideien artean loturak eraginez abiarazi du proiektua, ikasiko eta ekingo duten lan-taldeak sortzeko. Azken urteotan lagungarriak izan zaizkigun formatuen artean hauxe dago: profil desberdinetara zuzendutako programa disruptiboak abiaraztea, hala nola MEINN, Ekintzailetzako eta Berrikuntzako Master irekia (2024ko ekaina-uztaila bitartean errekrutatze-prozesuan dagoena). MEINN unibertsitate-master ofiziala ekintzailetzan edo intraekintzailetzan jardun nahi dutenei zuzenduta dago, alegia giro kooperatibo eta apurtzailean, ingurune erreal eta askotarikoan eta diziplina anitzeko talde batean jardungo dutenei, nazioarteko ekosistema baten parte izanik.

Ikaskuntza-komunitate bat sortzea da #SocialFactoryren helburuetako bat. Hortaz, MEINN programan eta antzekoetan parte hartuz, gure ekosisteman bizi diren ekintzaileak komunitate handiago baten parte izango dira, indarrak batzen, elkarri laguntzen eta asmo ekintzailea eraldatzen lagunduko dien komunitate baten parte. #SocialFactoryren ateak irekita daude jada, gerturatu nahi duten guztientzat. #BilbaoBerrikuntzaFaktoria #mondragonunibertsitatea #enpresagintza

Informazio gehiago HEMEN