Eusko Jaurlaritzak 72 milioi euro bideratuko ditu unibertsitatez kanpoko hezkuntzako beketara

0

Behar bereziak dituzten ikasleen kasuan beketara iristeko atalaseak egokitzeak familia gehiagori ahalbidetuko die laguntzak lortzea. Hezkuntza Sailak bermatu egiten du baldintzak betetzen dituzten familia guztiek jasoko dutela beka 

Eusko Jaurlaritzak eutsi egingo die seme-alaben unibertsitatez kanpoko hezkuntzari aurre egiteko familien gastuak ordaintzeko laguntzei, 72 milioi euroko inbertsioarekin. Deialdia Gobernu Kontseiluak onartu du, Hezkuntza Sailak proposatuta. Honek aldatu egin ditu Hezkuntza Premia Berezietako (HPB) ikasleei laguntzeko sarbide-atalaseak eta, ondorioz, bekak jasoko dituzten familien kopuruak gora egingo du aurreko ekitaldiarekin aldean. Horretarako, aurten bideratutako zenbatekoa lau milioi euro handitu da. Beketarako sarbidea bermatuta dago baldintzak betetzen dituzten familia guztientzat.

Laguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera eskatu ahal izango dira, uztailaren 22tik irailaren 30era arte, aurreikusitakoaren arabera. Haur Hezkuntzatik hasi eta goi-mailako heziketa-zikloetaraino eskatu ahal izango dira bekak: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, musikako eta dantzako oinarrizko irakaskuntzak, Batxilergoa, Lanbide Heziketako erdi-mailako eta goi-mailako zikloak, arte-irakaskuntza profesionalak, kirol-irakaskuntzak, hizkuntza-irakaskuntzak hezkuntza-administrazioaren titulartasuneko eskola ofizialak eta Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak.

Hezkuntzarako eskubidea bermatzea 

Beken deialdi honen helburua ikasle guztien hezkuntzarako eskubidea bermatzea da, muga ekonomikoak edo desorekak konpentsatuta berdintasun-egoeran izan dezaten hezkuntzarako sarbidea.

Bekek osagai hauetako bat edo batzuk izan ditzakete: kuota-osagaia, eskola-materialaren osagaia eta jantoki-osagaia.

112.170 ikasle izan dira beka hauen onuradun unibertsitatez kanpoko hezkuntza-mailetarako 2023-2024 ikasturte amaitu berrian. Hezkuntzak gizarte-kohesioa lortzeko zeregin garrantzitsua betetzen duela jabetuta, Hezkuntza Sailak deialdi hau indartu du ekitate-irizpideei jarraituz, ikasle kalteberekiko arreta, hezkuntzarako sarbide-berdintasuna eta berdintasunaren sustapena indartuz.  

Informazio gehiago 

Deialdiari buruzko informazio guztia helbide honetan kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/becas-y-ayudas-al-estudio-para-la-escolarizacion-de-estudiantes-de-niveles-no-universitarios/web01-a2hikasl/es/

Aurreko paragrafoan aipatutako behin-behineko ebazpenen jakinarazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, https://euskadi.eus web-helbidean, eta Hezkuntza Sailaren web-orrian, http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus.