Edozein larrialdi egoeratan, ohikoa izaten da txistu hots bereizgarri horiek igortzen dituzten “walkie talkie” handi horiek erabiltzen ari diren suhiltzaileak, zerbitzu medikoak eta polizia ikustea, elkarrekin eta aginte zentroarekin hizketan edozein gorabeheraren aurrean erantzun eraginkorra koordinatu ahal izateko.
Era horretako komunikazioei “misio kritikoko komunikazioak” izena eman izan zaio edo, laburbilduta, “komunikazio kritikoak”. Termino hori sendoak eta seguruak izan beharrarekin eta une eta egoera orotan eskuragarri egon behar izatearekin lotuta dago (baita jazoera larrien –hondamendiak, adibidez– edo ekitaldi masiboen kasuan ere –jaialdiak, kirol ekitaldiak edo ospakizunak–).
UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako NQAS ikerketa-taldea, hain zuzen ere, belaunaldi berriko larrialdiko komunikazioen arloan ari da lanean eta Ministerioak Espainiako Gobernuaren Eraldaketa Digitalerako emandako 3,25 milioi euroko zenbatekoa jaso du.
“Gaur egun, telefono adimendunen eta 5G (eta laster 6G) ospetsuen garaiotan, paradoxa dirudi larrialdietako kidegoek erabiltzen dituzten komunikazioak 90eko hamarkadako teknologian oinarrituta egotea. Teknologia horrek, funtsean, ahots deiak egitea eta mezuak bidaltzeko gutxieneko gaitasuna izatea ahalbidetzen du. Bien bitartean, gure egunerokotasunean, multimedia informazioa partekatzeko, bideoak bidaltzeko, kokapen aurreratua partekatzeko, sentsoreen informazioa bidaltzeko, dronak erabiltzeko eta abarretarako hamaika aplikazio ditugu guztiok”, azaldu du Fidel Liberak, Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle eta NQAS taldeko ikerlari nagusiak.
Hutsune horretaz jabetuta, ikerketa talde horrek 15 urte inguru daramatza “banda zabaleko misio kritikoko komunikazioak” izenekoetarako trantsizioan aurrera egin ahal izateko teknologia ikertzen eta garatzen. Denbora tarte honetan, nazioarteko erreferente bihurtu da ikerketaren eta estandarizazioaren arloetan, interoperabilitatea sustatzen eta teknologia transferitzen. Bide horri 2011n ekin zion, Europako GERYON proiektua zuzenduz. Proiektu hark sare mugikor komertzialen (ordu hartan 4G) segurtasuna eta sendotasuna handitzea eta, telefono adimendunetako aplikazioak erabiliz, komunikazio kritikoak eskaintzea zuen helburu. Urte batzuk geroago, komunikazio mugikorrak estandarizatzen dituen 3GPP erakundeak ere bide berari ekin zion eta, hala, taldea era horretako teknologiak ikertzeko abangoardian kokatu zen. Horren ondoren, gainera, 5Grako bidean Europako beste proiektu batzuk ere iritsi ziren: 5G SESAME eta 5G ESSENCE, esate baterako.
“Nazioarteko erreferente gisa lortutako aitortza are nabarmenagoa izan zen Amerikako Estandarren Institutuak (NIST, ingelesez) taldeak kontsortzio moduan zuzendutako bi ekimen aurrera eramateko (MCOP eta MCS Taasting izenekoak) finantzaketa ematea erabaki zuenean. Bi ekintza horien helburua zen komunikazio horiek aplikazio berrietara zabalik egotea eta estandarrekin bateragarriak zirela egiaztatzea. Guztira, 5 milioi dolar baino gehiago izan ziren eta, ordu hartan, mundu mailako primizia bihurtu zen halako finantzaketa bolumena Amerikakoa ez zen erakunde batek kudeatzea”, Fidel Liberalek gogorarazi duenez.
Laburbilduz, taldeak ia 15 urteko ibilbide sendoa du eta nazioarteko funtsetatik iritsitako 10M € baino gehiago jaso eta koordinatu ditu. Zenbateko horretatik, erdia baino gehiago inbertituko da Euskadin. Ikerlariaren hitzetan, “finantzaketa horri esker, are gehiago sendotu ahal izango dira taldearen gaitasunak eta, gainera, misio kritikoko sistemak 6Gra bidean garatzeko gai izango den punta-puntako laborategia sortu ahal izango da”. Kasu honetan, ohiko larrialdietako kidegoen komunikazioetara ez ezik, trenbide-inguruneetako komunikazioetara ere bideratuta dago, “Euskadik ekosistema bikaina baitu.
Urte hauetan zehar, espezializazio estrategia arriskutsua landu dugu, oso arlo zehatz batean zentratuz eta deialdien arabera une bakoitzean modan dauden eremuetara mugitzeko tentazioa saihestuz. Finantzaketa iturri egonkorrak lortuta, talentua kontsolidatzeko eta erakartzeko, eta industriara egindako transferentzia sustatzeko eredua martxan jarri ahal izan dugu eta lan horren guztiaren itzulkinak hasi baino ez dira egin”, aurreratu du.
Sare mugikorren arloko ikerlarien belaunaldi oso bat
Ikuspegi akademiko edo zientifikotik, orain arteko emaitzak dozenaka argitalpen, hainbat doktorego tesi, estandarizazio erakundeei egindako 200 ekarpen baino gehiago eta belaunaldi berriko sare mugikorretan eta komunikazio kritikoetan adituak diren ikertzaileen belaunaldi oso baten prestakuntza barne hartzen ditu. Hain zuzen ere, ikerlari horiek nazioartean aditutzat jo dituzte.
Bestalde, transferentzia mailan lortutako emaitzaren adibide bat aipatzearren, azpimarratu beharrekoa da nazioarteko enpresekin garatutako teknologiak ustiatzeko hainbat akordio lortu dituela eta 2017an Nemergent spin off-a eratu zela. Gaur egun, 40 langile inguru ditu horrek.