Ikerketa baten ondorioz Arabako hiri erromatar baten zirku eta hiri eremu ezezagunak aurkitu dira

0

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak, zeinak Iruña Veleia birgaitzeko eta garatzeko proiektuaren arduradunak baitira, garrantzi handiko aurkikuntza bat ezagutarazi die gizarteari; haren bidez nahi dena da aldatzea lurraldeak daukan aztarnategi arkeologiko nagusietako honen ezagutza: Iruña Veleia hiri erromatarra

“Gaur, asteazkena, 2024ko uztailaren 17a, Iruña Veleia birgaitzeko eta garatzeko proiektuaren barruan (Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta finantzaketa ditu) Arkikus-ek diseinatutako eta zuzendutako proiektu pilotu baten emaitzak jakinarazi nahi ditugu. Proiektu horren helburua izan da sistematikoki berrikustea Arabako aztarnategiaren gainazala teledetekzioa oinarri, aireko argazki historiko eta modernoen, LiDAR kartografiaren eta drone hegaldietan lortutako irudien bidez».

Solemnitate horrekin, Iruña Veleian azken urte eta erdian egindako jarduketen ondoriozko ikerketa baten emaitza interesgarriak helarazi dizkiote gaur gizarteari. Hauexek egin dute iragarpena: Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Andoni Iturbek, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatu Ana del Valek eta Museo eta Arkeologia Zerbitzuaren buru Javier Fernández Bordegaraik. Halaber, ikerketa enpresaren arduradun Javier eta Iker Ordoño izan dira iragarpenean.

Kultura sailburuordearen iritziz, «Iruña Veleia aparteko agertokia da ezagutza historiko berriak ikertzeko eta sortzeko, lagunduko digutenak gure iraganean sakontzen, oraina ulertzen eta etorkizuna zentzuz proiektatzen. Araba potentzial handia duen lurraldea da ondareari dagokionez, eta Iruña Veleia ezinbesteko erreferentea da. Horretan sakondu behar dugu, eta modu bateratuan eta koordinatuan lan egiten jarraitu. Ikerketarako eta balioa emateko erreferentzia gune paregabe baten aurrean gaude, eta horrek ezagutza eta aukera eremu berriak sortuko ditu etorkizun hurbilean Arabako eta, hedaduraz, Euskadiko kultura eta lurralde garapenerako».

Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko diputatuaren iritziz, «aurkikuntza oso garrantzitsua da, eta berriz ere berresten du Iruña Veleia antzinaroko aztarnategi handi bat dela, ikertzeko potentzial arkeologiko eta historiko handia duena. Eta horretan ari gara, erakundeen konpromisoari esker, Museo eta Arkeologia Zerbitzuko lantalde teknikoaren kudeaketa lanari eta kalitateari esker, eta tokian bertan lan egiten duten enpresen eta pertsonen gaitasunari esker».         

Arkikuseko taldeak, Javier eta Iker Ordoño anaiekin, 251 hektareako azalera batean egindako lan zehatzaren ondorioz, «aztarnategiaren zorupean kronologia erromatarreko eraikin eta/edo azpiegiturak daudela erakusten duten ehunka ebidentzia daude, zientzia arkeologikoak oraindik ez dituenak ezagutzera eman» nabarmendu du Arkikusek.

Haien artean, nabarmentzekoa da 280 metroko luzera eta 72 metroko zabalera duen esparru ikaragarria, daukan presentzia eta inplikazioengatik: irudien arabera, erromatar zirku bat dirudi, ikuskizunetarako eraikin bat, non zaldiz tiratutako gurdi lasterketak egiten baitziren, eta, lehenengo kalkuluen arabera, 5.000 ikusle inguru har zitzakeen.

Iberiar penintsularen iparraldean ezagutzen diren zirku erromatarretatik hirugarrena izango litzateke, Tarraco (Hispania citerior-en probintzia hiriburua, egungo Tarragona) eta Calagurris (egungo Calahorra, «municipium» maila duen hiria) garrantzitsuen atzetik, eta, haietatik, jatorrizko trazadurari eusten dion bakarra, ez baitago egungo hirigintzan ezkutatuta.

Gainera, hirigintza antolatu baten berezko elementuak identifikatu dira, bai barrualdean, bai, batez ere, Veleiako oppidum edo hiri harresitu berantiar gisa ezagutzen den esparruaren kanpoaldean. Hala, «argi eta garbi definitzen dira kaleak (batzuetan arkupedunak), espazio publikoak, etxebizitza auzoak, ustez gurtza kolektiborako ziren eraikinak, eta ur hornidurarekin edo hiri bilbearen saneamenduarekin lotutako azpiegiturak, besteak beste».

“Horrek guztiak erakusten du zer nolako garrantzia izan zuen hiri honek iraganean, ez bakarrik Iter XXXIV errepidea, hau da, Astorgatik Bordelera zihoan erromatar galtzada, zeharkatzen zuten bidaiarien derrigorrezko geraleku gisa, baizik eta erromatarren garaian gaur egungo euskal lurraldea eta bere inguruak egituratzen zituen hirigune gisa” adierazi dute.

Horrela, Iruña Veleia oraindik aurkitzeke dagoen harribitxia bezala aurkezten da, eta azterlan honek eta etorkizunekoek bultzatuta, “espero dugu merezi duen arreta jasotzea, hura babesteko, aztertzeko, hari balioa emateko eta lurralde osorako aberastasuna sortzeko” ondorioztatu dute Arkikuseko arduradunek.

Bestalde, Fernandez Bordegaraik adierazi duenez, «erantzukizun arkeologikoak, alde batera utzita ezin dela ukatu zein positiboa den aurkikuntza, nolabaiteko zuhurtzia eskatzen digu; izan ere, prospekzio horien emaitzak aurkeztu ondoren, lekuan bertan egindako egiaztapenek emango digute askoz ere informazio gehiago, eta horri esker, hipotesi berriak (atzora arte ez genituen ezagutzen) datu zehatzagoak izango dira. Baina argi dago aplikatutako teknologia berriek asko laguntzen digutela ikertzen jarraitzeko bidea diseinatzen».

Amaitzeko, Ana del Valek gogorarazi du Iruña Veleia biziberritzeko eta garatzeko proiektuak «aurrera jarraitzen duela». «Esan genuen garai berri bat irekiko genuela hiri erromatarrarentzat, hura Arabaren proiekziorako elementu garrantzitsuenetako bat izan dadin, eta horretan jarraitzen dugu. Zientzia arkeologikoak orain egiaztatu behar dituen hipotesi berriak agertzea beste urrats bat da bide horretan». «Berriz ere eskerrak eman nahi dizkiot Eusko Jaurlaritzari, haren ekarpenik gabe ezin izango baitzitekeen jauzi kualitatibo eta kuantitatibo hau egin» esan du Del Valek.