Maria Ubarretxena: «Nire Sailaren lehentasunezko helburua da egiteke dauden eskumenen transferentzia osatzea»

0

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko Sailburu eta Gobernuko Bozeramaile María Ubarretxena Cadena SER irratiko mikrofonoetan izan da arratsaldean.

Elkarrizketa horretan Maria Ubarretxenak nabarmendu duenez, «nire Sailaren helburu nagusia Euskadiri eskualdatzeke dauden eskumenak transferitzea da», eta aurreratuen dauden sei gaiak aipatu ditu, aurreko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari proposatu zizkionak, besteak beste, itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa, itsas salbamendua eta meteorologia.

Gai horren harira, Sailburuak Lurralde Politikako Ministroari premiazko bilera bat egiteko helarazitako eskaera aipatu du, Aldebiko Batzorde Iraunkorra antolatzeko eta egiteke dauden eskumenen transferentziarekin jarraitzeko. Hala, oraindik bilera egiteko hitzordurik zehaztu ez badute ere, uztailaren 31n Estatuko Idazkariarekin bilduko dela iragarri du.

Halaber, Estatutu berri baten eztabaidari buruz galdetuta, Bozeramaile eta Sailburuak adierazi du «Eusko Legebiltzarraren eta alderdi politikoen eskumena» dela «lantaldea antolatzea eta Estatutu berri bat planteatzea», baina nabarmendu du espero duela «ahalik eta akordio zabal, plural eta irekiena lortzea, indar politiko guztiak islatuko dituena».

POLITIKAN ARITZEKO ETIKARAKO EUSKAL ITUNA

Bestalde, Ubarretxenak Euskadin Politikan Aritzeko Etikarako Euskal Ituna aipatu du. Lehendakariak gaur goizean iragarri du Itun hori, eta irailean aurkeztuko da. Bozeramailearen hitzetan, Espainiako Presidenteak aurkeztutako Kalitate Demokratikorako Plana ez bezala («hedabideei zuzenduagoa»), Eusko Jaurlaritzarenak «alderdi politikoetan bertan jartzen du arreta, eta autorregulazio horretatik abiatuta nola jokatuko duten, eta guztiok alderdi demokratiko gisa jokatzean, lokatza eta tentsioa saihestuz, demokraziari mesede egiten ez diotelako eta herritarrak politikarekiko aldentzen dituelako. Uste dut Lehendakariak emango dion ikuspegia egokiagoa dela «.

Horrela, Herri erronkei aurre egiteko akordioak lortzearen garrantzia azpimarratu du Bozeramaileak. «Herritarrek ez dute tentsiorik nahi», nabarmendu du.

NEGOZIAZIOAREN BALIOA

Ildo horretan, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko Sailburuak Legegintzaldi honetako tonua markatzen ari diren elkarrizketa eta adostasunen bilaketari balioa eman dio, eta politikan betebehar bat direla azpimarratu du. Hala, adierazi duenez, «erronkei aurre egiteko, garrantzitsua da desberdinekin adostasun zabalak lortzea», eta Imanol Pradales egun hauetan alderdiekin eta eragileekin egiten ari den bilera-sorta aipatuz, adierazi du hori dela «Lehendakaria egiten ari dena, bilerak egin, entzun eta elkarrekin eraikitzen hastea».

Elkarrizketarako jarrera hori Legealdi osoan luzatzea espero du Ubarretxenak, «hurbiltzen gaituenean zentratuz, eta ez urruntzen gaituenean», azpimarratu du.

Azkenik, Maria Ubarretxenak esan du bere Sailetik lan egingo dutela «administrazioarekin egin beharreko izapideak desburokratizatzeko eta interoperabilitateak ondo funtziona dezan, eragiketa horiek arintzeko».