Mikel Torres Lehendakariordeak enpresentzako justua den eta zerbitzu publikoei eusteko nahikoa den fiskalitatea defendatu du

0
urku
  • EH Bilduk autogobernuari buruz proposatutako «mahai paraleloak» ez duela «inolako zentzurik» ohartarazi du, eta nabarmendu du Gobernu itunak jasotzen duela «Eusko Legebiltzarrean alderdien arteko akordioa» eman beharko dela 

Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean Herri Irratian, bere Sailak dituen erronka nagusiak azaltzeko.

Enpresen zerga-ordainketa murrizteko Confebaskek egindako eskaerari buruz galdetuta Torresek adierazi duenez, «ez nau harritzen enpresariek egiten duten proposamenak», eta EAJ-PNVren eta PSE-EEren arteko fiskalitate akordioaren gainean «Aldundiekin akordio bat lortzeko lanean ari gara», gaineratu du. «Enpresen zerga-ordainketa justua mantentzen duten proposamenak ditugu, eta oreka bat aurkitu behar dugu zerga-ordainketaren eta zerbitzu publikoen prestazioaren artean, enpresentzako fiskalitate justua lortzeko eta zerbitzu publikoak mantendu ahal izateko». Hala, helburu hori lortzeko eztabaida «gogoetatsua eta lasaia» izan behar dela ziurtatu du.

LANBIDEREN ERREFORMA

Bestalde, Lehendakariorde eta Sailburuak nabarmendu du Euskadin «kotizatzen milioi bat pertsonako muga gainditzea lortu» dela eta enplegua «egonkorra eta kalitatezkoa» dela, eta azpimarratu duenez «Estatuko langabezia-tasarik txikienetakoa dugu, %8koa, eta gure helburua % 6,8ra iristea da». Era berean, Sailak aurre egin beharko dien erronkei buruz, Lanbideren erreforma aipatu du aipagarriena bezala, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera gauzatzea aurreikusten dena, eta Mikel Torresen hitzetan, «arreta indibidualizatuagoa eskaintzea eta lan egonkorrago, berdintasunezkoago, soldata hobeagoekin eta kalitatezkoago bat lortzea ahalbidetuko duena». «Hori da erronka; garrantzia duena ez dira zifrak, enpleguaren kalitatea baizik».

Erronka hori lortzeko, «hobetzeko tarte handia dago», eta «sindikatuen papera garrantzitsua» dela azpimarratu du.

ELKARRIZKETAREN GARRANTZIA

Bestalde, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren negoziazio-mahai paraleloak deitzeko sindikatu batzuek egindako eskaerak ere aipatu ditu Mikel Torresek. Adierazi duenez, «Mahaia beti dago irekita parte-hartzeko eta ez diogu inorri betorik jartzen eta ez egotea eskatzen». Hala, elkarrizketa sozialaren garrantzia nabarmendu nahi izan du Torresek, eta «akordioetara iristeko tresna bikaina» dela esan du. Gaineratu duenez, «Lehendakariarekin bilera-sorta amaitutakoan, atal sindikal guztiei ateak irekita daudela esango diet». Hori dela eta, aldebiko elkarrizketa bat izateko prest dagoela esan du, baina «akordioek pluralak izan behar dute».

Elkarrizketa hori, hain zuzen ere, eragile sindikal batzuek aurkezten duten borrokarako irtenbide gisa ere aipatu du Lehendakariordeak. «Elkarrizketak konfrontazioak baino onura gehiago ematen ditu. Konfrontazio maila altua dugu, baina akordioa grebaren gainetik dago «.

Autogobernuari buruz galdetuta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailburuak esan duenez «badakigu zeintzuk diren landuko ez ditugun marra gorriak. Ez dugu arazorik «.

Eta, «Estatus politiko berri bati buruzko eztabaidari» heltzeko EH Bilduk bien artean «konfiantzazko espazio bat» egituratzeko egindako planteamenduaren aurrean, gai horretan «mahai paralelo bat» planteatzeak «inolako zentzurik ez» duela adierazi du, eta Hezkuntza Legearekin «bide horri ekin» zitzaiola gogorarazi du, «EAJk eta EH Bilduk negoziatzen saiatu zirenean eta gelditu behar izan zela». Azkenik, Gobernu akordioan Estatutuaren erreformarako bidea jasota dagoela azpimarratu du, hau da, «alderdien arteko akordioa eta hori Legebiltzarrean onartzea».