CEBEKek Bizkaian enpleguko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde bat edukitzeko gaur arte egindako jarduketak azaldu dizkio Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuari

0
urku

Carolina Pérez Toledo CEBEKeko presidentea eta Francisco J. Azpiazu CEBEKeko idazkari nagusia gaur goizean bildu dira Noël d’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantzetako sailburuarekin, Hernando Lacalle Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordearekin, Arantza Larrauri Finantza Politikako zuzendariarekin eta Yurdana Burgoa Kabinete eta Koordinazioko buruarekin. Aitor Barañano borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko aholkulari aditua ere bileran izan da.

 

Bilboko Burtsaren egoitzan izan den bileran, CEBEKeko ordezkariek lurraldeko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundea abian jartzeko orain arte egin diren urratsen berri eman diote Ogasun eta Finantza Sailari. Horrela, hasiera ematen zaio 2023an ASCOBI-BIEBA Bizkaiko Etxegile Sustatzaileen Bazkunak (CEBEKen barne hartzen dena) eta CCOOk sinatutako Bizkaiko Eraikuntzaren Hitzarmenetik eratorritako konpromisoei.

 

Hitzarmen horretan, aldeek borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde bat eratzeko konpromisoa hartu zuten, baita erakunde horri 2023ko eta 2024ko ekitaldietako ekarpenak egiteko konpromisoa ere.

 

Ildo horretan, CEBEKeko Zuzendaritza Batzordeak bilera banatan erabaki zuen Bizkaian «ETORKIZUNA BGAE» enpleguko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundea eratzea, eta haren estatutuak, Ekarpenen Araudia eta Erakundearen Inbertsio Printzipioen Deklarazioa onartzea.

 

 

 

Halaber, hainbat finantza-erakundek eta aseguru-erakundek parte hartu duten hautaketa-prozesu baten ostean, CEBEKek erabaki du KUTXABANK izan dadila borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen kudeatzailea. Gaur egun KUTXABANKekin bilerak egiten ari dira, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen ekarpenetarako eta kudeaketarako operatiboa finkatze aldera.

 

Laster, dei egingo zaie ordezkaritza handiena duten sindikatuei, Estatutuetan aurreikusitako Gobernu Organoak era daitezen, besteak beste, Batzar Orokorra eta Gobernu Batzordea.

 

«ETORKIZUNA BGAE» erakundeak Bizkaiko lurraldeko negoziazio kolektiboaren ondorioz etorkizunean sor daitezkeen konpromisoak kudeatu nahi ditu, kontuan izanik enpresa-ekarpenak ez direla dagozkien sektoreetako hitzarmenetan aldeek adostutako soldata-igoeren ekarpen gehigarri bat eta, hartara, horiek ezin izango direla gainkostu erantsi bihurtu lurraldeko enpresentzat.

 

 “ETORKIZUNA BGAE” erakundea eratzeari begira, Eusko Jaurlaritza eraginpean dauden gizarte-eragile guztiekin bildu da, Euskadiko aurreikuspen-aurrezpena borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen bidez bidera dadin. Hala, Eusko Jaurlaritza harremanetan izan da CONFEBASK, CEBEK, ADEGI, SEA, ELA, CCOO, UGT eta ASCOBI-BIEBA erakundeekin.