- 2023an, 27 enpresak jaso zuten laguntza-lerro hori, eta irailaren 30era arte eskatu ahal izango da.
- Edozein tamainatako erakundeei (mikroenpresak, ETEak nahiz enpresa handiak) laguntza eskatzeko aukera ematen du.
Vitoria-Gasteiz, 2024/07/18
Eusko Jaurlaritzak agindu bat onartu du, Euskadiko enpresei dirulaguntzak emateko oinarriak ezartzen dituena, bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzearen arloan egoeraren diagnostikoa eta ekintza-plana egin dezaten. Euskal konpainiek 10.500 eurora arteko dirulaguntza eskatu ahal izango dute, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik irailaren 30era arte.
Joan den astearteko Gobernu Kontseiluan, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak norberaren bizitza, familia eta lana uztartzen lagundu nahi duen neurri horren oihartzuna azaldu zuen. Eusko Jaurlaritzak urteak daramatza hainbat neurri ezartzen, bai pertsona eta familiei zuzenduak, bai enpresa eta erakundeei zuzenduak. Azken horien artean, nabarmentzekoa da 420.000 euroko laguntza-lerro hori.
Laguntza honi esker, iaz 150.000 euro banatu ziren 27 euskal enpresak kontziliazio-plan propioa ezartzeko aukera izan zezaten.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak azpimarratu duenez, «bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeak onurak dakarzkie langileei eta haien familiei, bai eta enpresei ere», eta gaineratu duenez, «konpainiek inplikazio handiagoa, eraginkortasun handiagoa, konpromiso handiagoa eta absentismo txikiagoa duten langileak lortzen dituzte, eta horrek erakusten du kontziliazioak talentua erakartzea eta atxikitzea ere eragiten duela».
Izan ere, saila hainbat informazio-bilera egiten ari da hainbat enpresa-elkarterekin, sailak zuzeneko informazioa eman diezaien eta lankidetza publiko-pribatua sustatzeko, baita kontziliazioaren arloan ere.
Hasiera batean ETEentzat soilik zen dirulaguntza hori, eta enpresa-erakundeak eta plantillak kontziliazioaren potentzialaz kontzientziatzea du helburu. 2024ari begira, eremu pribatuko edozein erakunderi eskatu ahal izango zaio laguntza, tamaina edozein dela ere, baldin eta diagnostiko bat eta kontziliazio-plan bat egiteko proiektua Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietarako bada.
Deialdi berri honen beste berrikuntzetako bat da aurkeztutako proiektuak baloratzeko irizpideak aldatu direla, esku-hartze proiektuan kontziliazioari buruzko prestakuntza sartzeko eta balorazioa bera objektibatzen saiatzeko. Era berean, diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa 10.000 eurotik 10.500 eurora igo da, eta kopuru hori aldatu egiten da enpresan lan egiten duten pertsonen kopuruaren arabera.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak bikoiztu egin nahi du Jaurlaritzak legegintzaldi honetan bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzearen alde egin duen apustua. Neurri hori garatzen ari diren neurrietako bat da, hain zuzen ere, euskal enpresek aukera izan dezaten beren plantilla osatzen duten pertsonek behar pertsonal eta familiarrak beteta izatea ahalbidetuko duten neurriak ezartzeko. Ez da bakarra. Halaber, Eusko Jaurlaritzak laguntza indibidual eta kolektiboa ematen die hala nahi duten konpainiei Kontzilia enpresa-komunitatean, eta gizarte-sentsibilizazioaren aldeko apustua egiten du, informazioa www.euskadi.eus/kontzilia webgunearen eta Kontzilia newsletterraren bidez eskainiz.