- Sarbideetan jarriko dituzten 11 kontrolek bermatuko dute ez dela objektu arriskutsurik sartuko txupinazoan
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak arreta berezia jarriko dute Andre Maria Zuriaren jaietan jende gehien biltzen duten ekitaldiak zaintzeko. Zeledonen jaitsiera, Farolen Prozesioa, Egunsentiko Arrosarioa edo Zeledon Txikiaren eta Neska Txikiaren jaitsiera dira segurtasun-operatibo espezifiko bat aurreikusita duten ekitaldiak. Abuztuaren 3an, arratsaldez, hasiko dira bi poliziak elkarlanean, eta lankidetza horrek jai gune nagusietako segurtasuna bermatzen lagunduko du, delitu-mota ezberdinei aurre eginez, besteak beste, ebasketei eta sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delituei.
Horiek dira Gasteizko Udaletxean Andre Maria Zuriaren jaien aurretik egin den Polizia Koordinaziorako Batzordearen ondorio nagusiak. Bileraren buruan Maider Etxebarria alkatea eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua izan dira. Udalaren izenean, bileran izan dira Iñaki Gurtubai Herritarren Segurtasuneko eta Trafikoko zinegotzia, Josean Haro Udaleko Herritarren Segurtasun Saileko zuzendaria eta Marian Vidaurre Udaltzaingoaren komisarioa. Bestalde, Segurtasunaren Sailaren izenean izan dira Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea, Karmelo Martínez Ertzaintzaren Arabako lurralde-burua eta Alberto Ozaeta Gasteizko Ertzain-etxeko Herritarren Segurtasuneko burua.
Beirarik gabeko seigarren txupinazoa
2024ko abuztuaren 4an egingo da beirarik gabeko seigarren txupinazoa Gasteizko jaietan, eta 35.000 pertsona inguru bilduko direla aurreikusten da. Beirazko botilak edo debekatutako beste elementu batzuk ez direla sartuko bermatzeko, Andre Maria Zuriaren plazarekin komunikatzen diren bide guztietan 11 kontrolgune jarriko dira. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ezarritako segurtasun-perimetroak kontrolatuko dituzte, txupinazoa amaitzean esku hartuko duten garbiketa-taldeei laguntza emango diete eta uneoro ebakuazio-bideak erabilgarri daudela bermatuko dute.
Sexu-askatasunaren aurkako delituak
Jai guztietan, jarduera bateratuaren ardatz nagusietako bat sexu-askatasunaren aurkako delituak prebenitzea izango da. Bereziki zainduko dira etxera itzultzeko ordu-tarteak, eta arreta berezia jarriko da jai-eremuetan eta inguruko parkeetan, trenbide azpiko oinezkoentzako pasabideetan edo ohiko ibilbideetan.Zaintza auzo periferikoetaraino hedatuko da, eta arreta berezia eskainiko zaie etxera bakarrik joaten diren pertsonei.
Salaketak kudeatzeko gune gehiago
Berritasun gisa, aurten herritarrek bi gune izango dituzte erdigunean salaketak jartzeko: alde batetik, Olagibel kaleko Herritarren Arretarako Bulegoa eta, bestetik, Jose Erbina kaleko Udaltzaingoaren komisaria. Biak ordutegi jarraituan egongo dira zabalik abuztuaren 04ko 07:30etik abuztuaren 10eko 21:30era.
2023ko Andre Maria Zuriaren jaietan 564 delitu erregistratu ziren, horietatik 462 ebasketak. Ebasketa horien xehetasunean batez ere telefono mugikorrak nabarmentzen dira, guztira 331 kasu izan baitziren. Bestalde, 53 pertsona atxilotu zituzten eta 82 pertsona ikertu zituzten.