Athleticeko entrenatzaileak, lehoien aginduetara egingo duen bederatzigarren denboraldian, baikor ekin dio urte berriari: «Txapelketa guztietan topera lehiatu nahi dugu»
Ernesto Valverdek lehen agerraldia egin du Lezaman 2024/25 denboraldiaren hasiera honetan. Athleticek, iaz Europako sailkapenarekin eta Koparekin egindako denboraldi bikainaren ostean, urte polita eta «erronkaz betea» izango du orain. Horrek entrenatzaile zuro-gorria motibatzen du: «Argi dago urte bikainetik gatozela eta horrek beti baikortasunez hastea eragiten dizu. Europan jokatuko dugu berriro, eta geure burua noraino heltzen den ikusi nahi dugu, lau txapelketekin nola konbina eta molda gaitezkeen ikusita. Erronka gogorra izango da, baina, aldi berean, ilusioz betetzen gaitu».
Mailarik onena eman ahal izateko, Valverdek kalitate altuko jokalariak izango ditu, eta lau aste barru (abuztuaren 12an) Europako hiru txapeldunak batuko zaizkio taldeari: Unai Simon, Dani Vivian eta Nico Williams. Zurigorrien entrenatzailea zain egongo da eta haiei itxaroten «denagatik lehiatu» ahal izateko: «Pozik gaude eurengatik, gozatu egin dutelako eta oso zaila den Europako titulu bat lortu dutelako. Athleticen egonda Europako jokalaririk onenetakoa izan zaitezkela erakutsi dute. Beti onenak izan nahi ditugu, ahalik eta ondoen eta tituluak irabazteko borrokan egoteko. Athleticetik selekzioetara doazen futbolari horiek oraindik gehiago izan daitezen lanean egon behar gara, hauek onak direlako eta gurekin egotea nahi dugu. Oso talde ona dugu eta, ahal bada, hobetu nahi dugu. Egiaztatu dagoeneko dugu talde honen anbizioa».
Lesioek atea astindu dute duela gutxi. Unai Simoni ebakuntza egingo diote gaur eskuin eskumuturrean eta Julen, entrenamenduan min hartu ostean, hilabete inguru egongo da berdegunetatik kanpo. Biak ala biak ez dira LaLiga hasierarako gai egongo: «Unaik bere burua eskaini zuen ebakuntza atzeratzeko, Julenen lesioa ikusita. Erabaki genuen hobe zela ezarritako errekuperazio planarekin jarraitzea. Aukerarik onena modu berean jarraitzea da, ditugun atezainengan, Alex Padillarengan, Oier Gastesirengan… konfiantza dugulako. Hori ez gertatzea gustatuko litzaigukeen zerbait da, baina horri aurre egingo diogu».
Denboraldi berri honetako partiden karga handiari erreparatuz, taldeak eta kalitatezko txandakatzeak garrantzi handia hartuko dute: «Ia bloke bera mantentzea abantaila da, jokalarientzat ere bai. Antzeko talde bat edukitzea positiboa da eta hemen ohitura da. Hemen jokalarien aldeko apustua egiten dugu, Klubeko gauzarik garrantzitsuena baitira. Eskakizuna ondo bideratu beharko dugu alde mentalean. LaLigan jarriko dugu arreta, erregulartasuna exijitzen dizun txapelketa, eta gainerakoetan ahalik eta urrunen iristen saiatuko gara, aurrera egiteko ilusio horrekin. Dena irekita dago eta denagatik borrokatu nahi dugu».