Amaia Barredok proposatu du ekonomia urdinari lotutako jarduerak “funtsezkoak izatea arrantzaren sektorea dibertsifikatzeko”

0
PRUEBA
  • “Haren ezagutzan eta dibertsifikazio ekonomikoaren barruan egiten duen jarduerarekin zerikusia duen guztian oinarritu behar dute”
  • Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak eman dio amaiera UPV/EHUren itsasertzeko ekonomia urdinari buruzko uda-ikastaroari

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak proposatu du ekonomia urdinari lotutako jarduerak “funtsezkoak izatea arrantzaren sektorea dibertsifikatzeko, haren ezagutzan eta dibertsifikazio ekonomikoaren barruan egiten duen jarduerarekin zerikusia duen guztian oinarrituta: arrantza, turismoa, arrantza-produktu berriak edo horien deribatuen ekoizpen industrial berriak”.

Sailburuak eman dio amaiera Donostiako Miramar Jauregian “Itsasertzeko ekonomia urdina” izenburupean egin den UPV/EHUren Uda Ikastaroari. Eusko Jaurlaritzako HAZI Fundazioko Koldo Goitiak eta Itziar Azkue Uda Ikastaroen zuzendariorde akademikoak zuzendutako ikastaroan 150 pertsonak parte hartu dute. Hizlariak izan dira Joan Alginet, Ibon Cancio, Rosa Chapela, Elena Herbello, Maitane Leizaola, Pepe Martinez, José Alberto Orbe Izagirre, Basilio Otero, Manuel Pleguezuelo eta Ekaitz Urtiaga.

“Portuek eta portuak dituzten udalerriek zeregin garrantzitsua izan behar dute horien garapen jasangarrian eta ekonomia urdinerako trantsizioan. Aukera hori aprobetxatzeko, beharrezkoa da portuek hazkunde urdinaren gune gisa betetzen duten papera eta duten ahalmena ongi aztertzea”, adierazi du Amaia Barredok.

Euskadiko lehen ekoizpen-sektorearen arduradun nagusiaren ustez, “Oarsoaldeko Lehentasunezko Jarduketa Eremuko Ekonomia Urdinaren Gunea bezalako ekimenak eta 16 arrantza-udalerrietan ekonomia urdinerako trantsizioa bultzatzeko laguntza-agindua, Euskadiko itsasertzean ezartzeko babesaren adibideak dira.

Europako Hego-mendebaldea

“Europan itsasoari begira dagoen herrialde bat izatekotan, gurea da: Euskadi. Euskal gizarteak, bere administrazio eta egoitza guztiekin, itsasoarekin konpromiso handia du hego-mendebaldeko Europaren txoko honetan. Badiara begira dauden leihoetara hurbildu eta aurrean dugun “urdin” handi hori preziatu besterik ez dugu. Zorionez, gure herriak ondo asko daki zer-nolako garrantzia duen gure ingurumen-jasangarritasunerako”, esan du Amaia Barredok.

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak adierazi du erabat partekatzen dituela “Europar Batasuneko gainerako kideekin, itsasoak esan nahi duenarekin lotutako ekimenak, kezkak eta kontserbazioko eta garapeneko proiektuak”.  “Ekonomia urdinak barne hartzen ditu bai itsas-ingurunean zuzenean oinarrituta dauden sektore ekonomikoak –arrantza, itsas garraioa, akuikultura edo energiaren sorkuntza– bai lehorrean daudenak: portuak, ontziolak, kontserba-industria, itsas azpiegiturak edo itsas turismoa”, nabarmendu du.

Amaia Barredok amaiera-ekitaldian adierazi duenez, “ekonomia urdinari lotutako jarduera ekonomiko horiek dira –eta izan behar dira– arrantzako udalerrien eta komunitateen garapen sozioekonomikoaren ardatza: beharrezkoa da Ekonomia Urdina garapenerako aukera gisa ulertzea, baita itsas ekosistemak eta ingurumen-jasangarritasuna zaintzeko erronka berrien aurrean gizarte moduan hartutako konpromiso gisa ere”.

Barredok azaldu du garrantzitsua dela “itsas eremua antolatzea, eremuarekiko lehia minimizatzeko. Arrantzak, oro har, funtsezko eginkizuna betetzen du ekonomia urdinean, eta dagokion ikusgarritasuna eman behar zaio eta erreleboa sustatu behar da”.

Belaunaldien arteko erreleboa

Hain zuzen ere, belaunaldien arteko erreleboari buruzko aipamen horri lotuta, sailburuak zehaztu du: “legegintzaldi honetan arreta berezia eskainiko zaio, eta, batez ere, sektorean sartzen diren gazteei eskainiko zaie arreta, adinekoen lekua hartzen duten gazteei eta, azken batean, belaunaldien arteko errelebo horri guztiari, eta ez bakarrik hemen, itsasoan, baizik eta baita nekazaritzako eta abeltzaintzako sektore guztietan ere”.

Amaia Barredoren ustez beharrezkoa da “itsasoko eta itsasertzeko eremuan ekonomia urdineko jardueren arteko sinergiak erraztuko dituen eta horiei guztiei onura ekarriko dien estrategia bat izatea. Europar Batasunak batez ere fatxada eta arku atlantiko osoan proposatutako ekintzen barruan egon behar du”.

“Ozeanoa –esan du bukatzeko Amaia Barredok– espazio global jarraitua da; eta arrantzak, bereziki artisauak, berebiziko garrantzia du elikagaien segurtasunerako eta nutriziorako. Duela gutxi, Europako Parlamentuak Estrasburgon arrantza-sektorearen garapen jasangarriari eta akuikulturari lagundu behar zitzaiela nabarmendu zuen, ingurumenean eraginik izan gabe. Era berean, Bruselak azpimarratu zuen garrantzitsua dela planifikazio “egoki eta inklusiboa”, alderdi interesdunen ekarpena kontuan hartuko duena, arrantzaren eta ekonomia urdinean suspertzen ari diren beste sektore batzuen artean izan litezkeen gatazkak saihesteko”.

“Euskadin zeregin horretan erabat murgilduta gaude, ondo asko jakinda zer esan nahi duen Ekonomia Urdin adeitsu eta jasangarriak: gure herri osoarentzat eta, bereziki, gure udalerri eta portuentzat”, esan du amaitzeko sailburuak.