Euskal abiadura handiko trena Nafarroarekin lotzeko erabakia ikerketa teknikoak amaitzen direnean erabakiko dela azaldu du Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Susana Garcia

0
PRUEBA

Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak gaur Gasteizen azaldu duenez, Euskal Y-a Nafarroarekin lotzeko erabakia oraindik ez dago hartuta, eta Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak une honetan egiten ari den ikerketa teknikoak amaitzen dituenean erabakiko da «herrialde mailako apustua».

Oscar Puente Garraio ministroarekin batera Jundizko trenbide terminal logistikoaren obretara gaur bertan egindako bisitan, Garcia Chuecak azpimarratu du «herrialdearen apustua» izango dela «informazio guztia jasotzen denean erabakiko dena».
Erabakia Espainiako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren artean adostuko dutela nabarmendu du sailburuak.

Arabako eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek erakutsitako jarrera ezberdinei dagokienez, sailburuak esan du «zuhurrena azterketa guztiak mahai gainean izan arte itxarotea» dela, eta «erabakia ingurumen irizpideak, irizpide teknikoak, sozialak eta ekonomikoak kontuan hartuta hartzea». «Erabaki zailak informazio guztiarekin eta segurtasun handienarekin hartu behar dira», defendatu du, beti ere «interes orokorrari» lehentasuna emanez.

Sailburuak espero du ikerketak «lehenbailehen» amaitzea, abiadura handiko trenaren eta Nafarroaren arteko lotura laster martxan jartzeko.