- Datorren astelehenean, Biltzen integraziorako eta kulturen arteko bizikidetzarako euskal zerbitzuak eta Udalak lankidetza-lanari ekingo diote, bizitegi-bazterketan dauden pertsonen profilak eta egoera konpontzeko behar diren baliabideak identifikatzeko.
Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria Itziar Aginagalde alkatearekin eta Javier Pérez Biltzen Integraziorako eta Kulturarteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzuko zuzendariarekin bildu da gaur goizean Berangon, Bizkaiko udalerrian kanpatuta dauden eta bizitegi-bazterketa egoeran dauden pertsonen egoerari erantzuteko Jaurlaritzaren laguntza eskaintzeko. Horrela, astelehen honetatik aurrera, Biltzen zerbitzuak, Berangoko Udalarekin batera, etxegabetasun egoeran dauden pertsonei bere zerbitzuak eskainiko dizkie eta banakako erantzunak ematen saiatuko da.
“Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiekin, udalekin eta hirugarren sektorearekin lankidetzan eta koordinatuta, etxegabetasuna eta bizitegi-bazterketa prebenitzen eta horiei aurre egiten dihardu dagoeneko”, Legarretak adierazi duenez, eta gazte horien egoerari ikuspegi horretatik heldu behar zaiola azpimarratu du, etxegabetasunaren ikuspegitik, eta ez immigrazioaren ikuspegitik. “Bazterkeria-egoeran dauden pertsonak dira, etxegabetasun-egoeran daudenak, eta banakako arreta eman behar zaie”, zehaztu du.
Horri dagokionez, zuzendariak eta alkateak gogorarazi dute Uribe Kostako Mankomunitateak –Barrika, Berango, Gorliz, Plentzia, Sopela, Lemoiz eta Urduliz udalerriek osatuak– dituela obligazioak etxerik gabeko pertsonen arretaren arloan. “Hala ere, ez du kontingentzia hori aurreikusi, eta ez da prestatu zuzenean edo beste udal batzuekin edo hirugarren sektore sozialarekin egindako akordioen bidez erantzuteko”, zehaztu du Legarretak.
Hori dela eta, Immigrazio eta Asiloko zuzendariak, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren izenean, Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten udalak gonbidatu nahi izan ditu “etxerik gabeko pertsonen bi urtez behingo zenbaketarekin bat egitera, pertsona horiei arreta emateko baliabide deszentralizatuak sortzeko lan-prozesuekin bat egitera, gizarte-zerbitzuen maparen arabera, haiek duten gaitasuna handituz”, eta era berean, “familia-laguntzarako sarerik ez duten gazte migratzaileen edo ez migratzaileen profilari zuzendutako erantzun berriak bideratzera”.
“Berangoren kasuan, Udala Biltzen zerbitzuarekin konektatu dugu, pertsonei informazioa eta orientazioa emateko, interpreteen laguntzarekin, eta egoeraren diagnostikoa egiten laguntzeko, eragile sozialekin batera, haien kopurua zehaztasunez zenbatesteko eta triaje bat egiteko, pertsonei beren egoeraren arabera emandako erantzun desberdinak baloratzeko”, Eusko Jaurlaritzako zuzendariak gaineratu duenez.
Azken eginkizun hori, nolanahi ere, mankomunitateko oinarrizko gizarte-zerbitzuei dagokie, informazio-, balorazio-, diagnostiko- eta orientazio-zerbitzuaren bidez, balorazio-zerbitzu espezializatuekin koordinatuta, eta bazterkeria-arriskuan dauden pertsonak hartzaile gisa hartzen dituen gizarte- eta hezkuntza-arloko eta psikosozialeko esku-hartze zerbitzuaren bidez.
Biltzenek garatuko dituen ekintzak
Integraziorako eta kulturen arteko bizikidetzarako euskal zerbitzuak laguntza emango du arabieraz eta frantsesez, pertsona horiekiko eta pertsona horien eta agintarien arteko komunikazioa errazteko. Gainera, herrian kanpatuta dauden pertsonei informazioa eta orientazioa emango die, haien administrazio-egoerari, izapideei, behar duten dokumentazioari eta abarri dagokienez, bai gaur egun duten egoerari dagokionez, bai eskuartean dauden aurreikuspenei dagokienez.
Horrela, Eusko Jaurlaritzak eta Biltzenek egoeraren diagnostiko zehatz bat egiten lagunduko dute, kanpoan gaua igarotzen duten pertsona baztertuen egoera zehatzago ezagutzeko. Lan hori Udalaren eta kaltetutako pertsonekin lanean ari diren eskualdeko gizarte-erakundeen eskutik egingo da.