Lehendakariak: «Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientziak gure gizartearen ezinbesteko zutabeak dira»

0

• Imanol Pradales Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa 2024 Sarietako ekitaldian izan da gaur eguerdian

• Aurtengo irabazleak Maite Aizpurua, Garazi Navas eta Itziar Laka izan dira, eta Pradalesek «gure Herriaren nortasun berezia ezagutzen eta ezagutzera ematen» egindako lana goraipatu du

«Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientziak gure gizartearen ezinbesteko zutabeak dira. Ezinezkoa genuke aurrera egitea haiek gabe. Iparra markatzen digute, bidean gal ez gaitezen «. Adierazpen horrekin hasi du Imanol Pradales Lehendakariak gaur eguerdian Azkuna Zentroan egin den Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa 2024 Sariak emateko ekitaldian eskaini duen hitzaldia.

Hala, Pradalesek azpimarratu du garrantzitsua dela diziplina horietan nabarmentzen diren pertsonak saritzea eta haien ekarpenari aitortza justua egitea, «euskal gizarte osoaren izenean egiten dutelako».

Hitzaldian, aurreko edizioetako sarituek sari horiei eman dieten prestigioa nabarmendu nahi izan du Lehendakariak, eta epaimahaia osatzen dutenek egindako lana eskertu eta aintzatetsi nahi izan die honako hau adieraziz: «Ezaguna zait zuen isilpeko lana, eta ez da batere erraza, baina argi dago zuen argudio sendoei esker errazten duzuela».

Imanol Pradales edizio honetan sarituak izan diren hiru emakumeei aipamena ere egin die, egindako lana goraipatuz eta zorionduz. «Hiru saridunok gure Herriaren saiatu zarete gure nortasun berezia ezagutzen eta ezagutzera ematen. Ausardia, ilusioa eta gogoa erakutsi duzue bide horri jarraipena emateko «, adierazi du.

Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek Gaztea Saria jaso dute «Adarbakarra eta soinujolea» lanagatik, eta, proposamen horren gainean, Lehendakariak nabarmendu du «berria, berritzailea, gaztea eta sormenaren adibide garbia» dela.

Bestalde, 2024rako Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria Itziar Lakak jaso du, «ibilbide profesional eta akademikoaren aitortza gisa eta hizkuntza arloko ikerketa eta berrikuntzarako erakutsi duzun grina eta aitzindaritza balioan jartzen duena», nabarmendu du Lehendakariak. Gainera, aipamen berezia egin nahi izan dio Lakak egindako ekarpenen artean aipagarrienari: «Gogo Elebiduna/La Mente Bilingüe/The Bilingual Mind».

Lehendakaria Juan Ignacio Pérez Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako Sailburuarekin batera izan da ekitaldian, eta, beste erakundeetako ordezkarien artean, Nafarroako Gobernuko zenbait kide ere izan dira, horien artean Ana Ollo Euskara Sailburua. Lehendakariak eskerrak eman nahi izan dizkio bere parte-hartzeagatik eta gertutasunagatik.